Eusko Legebiltzarra. Osoko bilkura

Presoak hurbildu, elkarbizitza sustatu...

«Aro berri batean» gaudela eta ETA amaitu dela sinetsita, elkarbizitza eta adiskidetze «akordio handi bat» proposatu du LopezekEzker abertzalea legeztatzearen eta espetxe politika malgutzearen alde egin du

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
ETA «betirako amaitu» dela eta «aro berri batean» gaudela ziurtatu du Patxi Lopezek, eta horregatik aurkeztu du Bakerako eta Elkarbizitzarako Plana. Proposamena egiterakoan, orain arte sekula mahai gainean jarri ez zituen neurri batzuk proposatu ditu, elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna denen artean eraikitzeko eskatuta. «Adiskidetasunerako akordio handia» egiteko gonbita egin du, presoen «hurbiltze progresiboaren» eta ezker abertzalea legeztatzearen alde egin du, eta oroimenerako institutua sortzea proposatu du, besteak beste.

1. Zuzenbide Estatua

Historian atzera egin, eta Frankismotik Zuzenbide Estaturako trantsizio garaian «polizia boterearen gehiegikeriak» izan zirela esan du. Torturak aipatu ditu;baita Batallon Vasco-Español eta GAL ere. Gertatutakoari buruzko egia aitortu beharko dela esan du, baina trantsizio garai hartan amaitutako legez kanpoko praktikatzat jo ditu. «Iraganekotzat».

2. Biktimak

ETAren biktimek «terrorismoari zilegitasuna kentzeko» egindakoa goratu, eta «etorkizun librea eraikitzeko» biktimen memoria oinarrizkoa izango dela esan du. Beste adierazpen bat egin du biktimen inguruan: «Terrorismoaren biktima guztiak gogoratu nahi ditugu, salbuespenik gabe». ETAren biktimez gain, GALek, Batallon Vasco-Españolek eta «beste indarkeria taldeek» eragindakoak aipatu ditu.

3. Garai berria

«Euskadin zerbait aldatu da», Lopezen hitzetan; «garai berri bat bizitzen ari gara. Esperantza eta aukerez betetako garaia». ETA «betirako amaitu» dela esan, «ETAri babes ematen ziotenek demokrazian sartzeko» pausoak eman dituztela adierazi, eta haratago joan da: «Terrorismoaren aldeko justifikazio soziala eta laguntza politiko publikoa betiko amaitu da Euskadin; eta benetan, ez dira berriz azalduko». Edozein kasutan, hori guztia «Zuzenbide Estatuaren indarrari esker» soilik izan dela adierazi du. Presoek Gernikako Akordioa sinatu izana «berri ona» dela esan du, baina ETAri betiko amai dadin eskatu behar zaiola oraindik.

Ezker abertzalea

Instituzioetan egoteko legea bete behar duela onartu duela dio Lopezek. «Ezker abertzalea, gaur, lege barruan dago demokrazia eta Zuzenbidezko Estatua nagusitu direlako». Hala ere, aurrerantzean legea betetzen ez badu, poliziek atxiki eta epaileek epaituko dituztela ohartarazi du.

4. Memoria

Partekatutako memoria eraiki behar dela adierazi du, eta horrek izan behar duela «indarkeria totalitariora itzultzea ezinezko egingo duen harresia». Hala ere, Jaurlaritzak «ez du onartuko historia berridaztea hiltzaile izan zirenak heroitzat hartzeko».

Oroimenaren urtea, institutua

«Oroimena eskuratu eta elkarbizitza eraikitzeko», datorren urtean Bake, Askatasun eta Kulturen Nazioarteko Urtea antolatuko duela iragarri du. Memoria eta Tolerantziaren Institutuaren sorrera sustatuko duela ere jakinarazi du. Biktimak oroitu, «memoria modu barneratzailean kudeatu» eta «gertatutakoaren kontaketa sustatzea» izango du helburu. Izan diren indarkeria mota guztiak aintzat hartuko dituela dio, «gertaeren egiari muzin egin gabe». Bere lana ez da izango historiaren kontakizun osatuagoa egitea, «hori beste batzuk egiten ari baitira». Lopezen hitzetan, «gutxienekoen adostasun soziala» lortzea da helburua, «iragana onartzen laguntzeko».

5. Elkarbizitza

«Elkarbizitzeak esan nahi du desberdintasun politikoak eta identitate aniztasuna onartu eta errespetatzea», adierazi du. Adiskidetze eta elkarbizitzarako «akordio handia» proposatu du.

Adiskidetzerako oinarriak

«Euskadi askotarikoa da planteamendu politikoetan eta herritarren identitatean», azaldu du. Beraz, elkar onartu eta errespetatu beharko dela. «Elkarbizitzarako eskubidea» aipatuta, «komunitate beraren zati izateko borondatea» zaintzeko aldarrikatu du. Gertatutakoaren benetako kontakizuna egitea ere ezinbestekotzat du, eta biktimen mina aitortzea. ETA baldintzarik gabe desegiteko eskatu behar dela dio. Presoei, ETArekin publikoki hautsi eta espetxeetako legea onar dezatela esan die, «gizarteratzea posible izan dadin». Espetxe politikaren norabideak «adostua, dinamikoa eta malgua» izan behar duela dio, eta presoak «progresiboki gerturatu» beharko direla, «betiere horrek gizarteratzea errazten badu». Legea betetzen duten alderdiak legeztatzeko ere eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.