Josu Uribetxeberriak seigarren eguna egingo du gaur gose greban. Presoak astearte gauerdian hasi zuen baraualdia ospitaleko ziegan, jasaten ari den «muturreko egoera» salatzeko. Atzo kaleratutako ohar batean, Donostiako Ospitaleko medikuek jakinarazi zuten Uribetxeberria egonkor dagoela eta biopsia eta eskaner probak egin dizkiotela.
Uribetxeberria diagnostikoren zain dago, eta litekeena da gaur jasotzea emaitzak. Espainiako Estatuko Espetxe Zuzendaritzak azaldu duenez, proba horien emaitzen arabera erabakiko du Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak hura aske utzi edo ez. Uribetxeberria Donostiara ekarri zutenean, haren abokatuek zigorra berehala eteteko eskatu zuten. Uribetxeberriak minbizia du, metastasiarekin.
Espainiako Gobernuak adierazi duenez, medikuek hala gomendatzen badute, Uribetxeberria aske uzteko prest egongo litzateke. Herrira-k, baina, adierazi du osasun azterketak «aitzakia bat» baino ez direla, eta gobernuari eskatu dio giza eskubide guztiak errespetatzeko eta «mendekuzko jarrerak» alboratzeko.
Herrira-ko kideek jakinarazi dutenez, presoaren senideek salaketa bat jarriko dute auzitegian Uribetxeberria zaindu duten ertzainen aurka. Igandean jakinarazi zutenez, larunbat gauean lo hartzea galarazi zioten presoari, eta «iraindu eta probokatu» egin zuten ertzainek. Gose greba hasiko zuela iragartzeko gutunean, polizien jokabidea salatu zuen Uribetxeberriak.
Presoari diagnostiko probak egin dizkiote, eta egonkor dago
Senideek diote ertzainen «probokazio eta irainak» jasaten ari dela eta salaketa jarriko dutela auzitegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu