Ugaitz Perezen senideek izandako istripuaren ondotik, Iñigo Lamarca EAEko arartekoak ohar bat kaleratu du. Horretan, eskatu du "terrorismo delitu bat egiteagatik" espetxean dauden euskal presoek "Euskal Herriko espetxeetan edo erkidegotik gertu daudenetan" bete dezatela zigorra: "Zigorra bizilekutik hurbil betetzeak izan beharko luke arau orokorra, horixe ezartzen baitu edonolako atxilotze edo espetxeratzearen mende dauden pertsona guztiak babesteko Nazio Batuen Printzipioen 20. printzipioak".
Arartekoaren arabera, sakabanaketaren aldeko espetxe politika "nekez" batera daiteke Konstituzioan jasota dauden zigorren gizatasun eta proportzionaltasun printzipioekin. Lamarcak dio legeak zehazten duenez "ezinbestekoa" dela espetxeratzearen ondorio kaltegarriak "ahalik eta gehien murriztea", baita presoaren gizarte harremanak "ahalbidetzea" ere.