Euskal presoak

Presoen aldeko Etxarriko manifestazioa debekatu dute

Espainiako Gobernuaren ordezkariak debekatu du AEMk larunbaterako deitutako mobilizazioa. Bitartean, hainbat euskal preso protestan dira Mont de Marsan, Valence eta Huelvako espetxeetan.

Amnistiaren aldeko Mugimenduko kideen agerraldia, manifestazioaren berri emateko. BERRIA
Berria
2016ko irailaren 1a
09:01
Entzun

AEM Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak jakianarazi du debekatu egin dutela Etxarrin (Nafarroa) larunbatean egitekoa duten manifestazioa. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, helegitea jarriko dute: "Edonola ere, mugimendu honentzat manifestazioa egitea beste aukerarik ez da existitzen". Preso gaixoak kalera. Amnistia osoa lelopean deitu zuten protestara, 19:00etan, Etxarriko plazatik hasita. Etxarrin bertan, hemezortzigarren eguna dute gaur gose greban Fernando Lizeaga eta Joxean Kortadi preso ohiek.

Mont de Marsan (Frantzia) espetxeko euskal presoek, berriz, astero kartzelako janariari uko egingo diotela jakinarazi dute, eta "askotariko ekintzak" egingo dituztela. Valenceko kartzelan Ibon Goieaskoetxeak eta Aletxu Zobaranek sakabanaketaren aurka hasitako ekinbideari babesa eman nahi diote horrela —25 egun daramatzate zigor ziegetan—, eta gaitz larriak dituzten presoen askatasuna eskatu. Etxarrin gose greban diren bi lagunei ere babesa agertu diete.

Manifestazioaren debekua salatu du Sortuk. Alderdiak azaldu du ez duela "mugimendu horren estrategiarekin bat egiten", baina debekua euskal herritarrek mobilizatzeko duten "eskubidearen aurkako erasotzat" jo du: "Espainiar Estatuak bere jarrera errepresiboarekin jarraitzen du eta horrek demostratzen du gure herrian ez dagoela demokrazia beteko eskenatokia".

Txanda aldaketa Huelvan

Irailaren 11rako ere antolatu dute mobilizazio bat Donostian, Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera lelopean. Preso ohiek deitu dute, eta igandean zehaztuko dituzte deialdiaren nondik norakoak.

Huelvako (Espainia) kartzelan ere ari dira gose greban, asteroko txandetan. Gaur, Patxi Ruizek hartu du Xabier Garcia Gazteluren lekukoa, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Fleuryn (Frantzia), berriz, modulu berean elkartu dituzte hango gizonezko euskal presoak, lau hilabeteko protesten ondoren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.