Urriaren 13an Baionan manifestazio nazionala egitera deitu du Herrira mugimenduak. Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira ukanen du lelotzat, eta Frantziako gobernua interpelatzea izanen dute helburu. Manifestazio horren berri eman zuten, atzo, Chantal Arranbel eta Saroia Galarragak, Miarritzen eginiko prentsaurrekoan. Bertan eman zituzten ondoko egunetan Ipar Euskal Herrian zehar eginen diren Herrira mugimenduaren aurkezpen bilkuren berri: apirilaren 19an Maulen, 25ean Kanbon, 26an Miarritzen eta Donibane Garazin, maiatzaren 4ean Donapaleun eta 5ean Hazparnen.
Euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea helburu duen herri mugimendu honi ahal bezain bat jende lotzea dute xede: «Inork eta toki batek ere ezin du Herrira-ren uhin urdinari huts egin», Galarragaren hitzetan. «Preso eta iheslarienganako elkartasunaren indar metaketa» izan nahi du mugimenduak, «engaiamendu guztiez, txikiz edo handiz» osatua izanen dena.
Ondoko asteetako ekimenak
Beste hainbat hitzorduren berri ere eman zuten. Hala nola, apirilaren 17an Baionako auzitegi aitzinean biltzera deitu dute, Ion Kepa Paroten askatasuna exijitzeko. Hilaren 21ean, preso eta iheslarien aldeko eguna izanen da Senperen, eta 28an autobus bat abiatuko da Gradignaneko espetxera, Naia Lacroixi sostengua erakustera. Hilabeteko azken ostiraletako elkarretaratzeen garrantzia ere azpimarratu dute.
Presoen aldeko manifestaziora deitu dute urrirako
Baionan eginen da manifestazio nazionala, 'Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira' lelopean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu