Pasa den asteazkenean Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak Zurgai eta Ezpala Iruñeko tabernak ixteko eskaera egin zuen tabernetan zituzten "euskal presoen argazkiak kentzeari uko" egin ziotelako. Eskaera horren ondotik, jabeak eta zerbitzariak datorren asteartean deklaratzera deitu ditu Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Gaur, Zurgai tabernako kideek prentsaurrekoa eskaini dute Iruñean, eta tabernan argazkiak izatearen arrazoia euskal preso horiekiko elkartasuna adieraztea dela nabarmendu dute, eta ez "terrorismoa goratzea". Gainera, gertaeren inguruan Guardia Zibilak emandako bertsioa gezurtatu dute.
Izan ere, Guardia Zibilak adierazi zuen Zurgai eta Ezpala tabernetara sartu eta irudiak kentzeko eskatu zutenean, hango langileek eskaera horri uko egin ziotela. "Tabernariek irudiak kentzeko eskumenik ez zutela esan zioten Poliziari, eta tabernako jabeei argazkiak kentzeko abisua emango ziotela. Gainera, beharrezkoa bazen, irudiak kentzeko prest agertu ziren une horretan lanean ari ziren tabernariak", adierazi dute tabernako ordezkariek.
Jasandako eraso horiek adierazpen askatasunaren eta giza eskubide eta politikoen aurkako erasoak direla salatu dute. "Zurgai tabernak oztopo guztien gainetik lanean jarraituko du. Tabernarekin aurrera egingo dugu, baita ekintza kulturalekin ere, euskal kultura eta euskara bultzatuz eta gatazka politikoari irtenbidea emateko beharrezko guztia egiten".
politika
Presoen argazkiak elkartasunagatik eta ez "terrorismoa goratzeko" dituztela nabarmendu dute Zurgai tabernako ordezkariek
Fiskaltzak Zurgai eta Ezpala Iruñeko tabernak ixteko eskaera egin zuen tabernetan zituzten "euskal presoen argazkiak kentzeari uko" egin ziotelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu