euskal presoak

Presoen aurkako "salbuespen neurriak" amaitzeko eskatu dute milaka herritarrek Bilbon

Preso gaixoak kaleratzeko, Parot doktrina bertan behera uzteko eta euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu dute manifestazioan. Herrira-k salatu du Espainiak eta Frantziak "entzungor" egin dietela herritarren eskariei, baina gobernuekiko presio soziala areagotzera deitu du mugimenduak, espetxe politika aldatzera behartzeko.

Hodei Iruretagoiena
2013ko apirilaren 6a
18:54
Entzun

Milaka pertsona elkartu dira gaur arratsaldean Bilbon, Herrira-k deitutako manifestazioan. 17:40ak zirela abiatu da martxa eta, besteak beste, han izan dira Maribi Ugarteburu Sortuko bozeramailea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Rebeka Ubera Aralarreko antolaketa idazkaria eta Oskar Matute Alternatibako koordinatzailea. Gainera, ELA eta LABeko ordezkariek ere bat egin dute manifestazioarekin. "Presoen erabilera" alde batera uzteko eskatu die Ugarteburuk Frantziari eta Espainiari.

Euskal presoen aurkako "salbuespen neurriak" amai ditzatela eskatzeko deitu zuen Herrira-k protestara eta, hala, hiru kartel daramatzate manifestazio buruan: presoak Euskal Herriratzearen aldekoa, Parot doktrina bertan behera uztearen aldekoa eta gaixo dauden presoak aske uztearen aldekoa. Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea lelopean abiatu da martxa.

Euripean, udaletxerainoko ibilbidea egin dute, eta han irakurri dute manifestazio amaierako agiria Fran Balda eta Marian Meaza Herrira-ko kideek. "Karrikak betetzera" eta Espainiako eta Frantziako gobernuekiko presio soziala areagotzera deitu dute, espetxe politika aldatzeko. Horren harira, maiatzaren 18an 200 herritan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute.

Orobat, salatu dute egungo espetxe politikak "mendekurako" tresna direla eta bakerako bidea oztopatzen dutela. Urtarrilaren 12an dozenaka milaka lagun bildu ziren Bilbon euskal presoen eskubideen alde, baina, Baldaren arabera, azken asteetako gertakariek erakusten dute gobernuek "entzungor " egin dietela herritarren eskariei.

Martxo "beltza"

"Argazki beltza" utzi du martxoak euskal presoentzat nahiz haien senide eta lagunentzat. Angel Figueroaren eta Xabier Lopez Peña presoen heriotzak; Sevilla, Puerto III eta Muret Seyess espetxeetako funtzionarioek Arkaitz Bellon, Oskar Cadenas eta Xabier Aranburu presoei emandako jipoiak; eta Jaengo espetxetik bueltan Jabi Martinezen lagunek izandako auto istripua ekarri ditu gogora Herrira mugimenduak.

Hala aldarrikatu zuten atzo Euskal Herri osoan zehar egindako elkarretaratzeetan. Ehunka lagun bildu ziren goizean Donostiako, Bilboko, Iruñeko udaletxeen aurrean, baita Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan ere. Arratsaldean ere izan ziren mobilizazioak. Besteak beste, Baionako eta Donibane Garaziko herriko etxeen aurrean, eta Mauleko Kurutze Xurian. Hiriburuetan ez ezik, elkarretaratzeak egin zituzten hamaika herritan ere, "salbuespen neurriak" amaitzeko eskatzeko eta gaurko manifestaziora deitzeko.

Izan ere, Herrira-ko Nagore Garciak Donostiako Udaletxe aurrean salatu zuen, "zoritxarrez, tragedia berriak" etorriko direla oraingo espetxe politikarekin. Hala izan ez dadin, bukatu beharra dago Espainiako eta Frantziako gobernuen "itxikeria eta blokeoa".

Erakunde eta eragileei, berriz, "adostasun zabaletarako oinarriak jartzeko" eskatu zien Garciak. Hain zuzen, Donostiako elkarretaratzean izan ziren Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondo, besteak beste. "Ausardia politikoz" jokatzera deitu zituen Garitanok Frantziako eta Espainiako gobernuak, eta gaitz larriak dituzten presoak eta zigorra betea dutenak «berehala» askatzeko exijitu zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.