Euskal presoak

Presoen auzia konpontzeko eskatu diote Espainiari eta Frantziari NBEn

Amerikako Juristen Elkarteak salatu du egungo espetxe politikak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratzen duelaGaixorik dauden presoen egoeraz ohartarazi du, eta berehala aske uzteko eskatu du

Urtarrilaren 7an milaka herritar bildu ziren Bilboko kaleetan euskal presoen eskubideen alde eginiko manifestazioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundera iritsi da euskal presoen auzia. Adierazpen idatzi baten bidez, AJE Ameriketako Juristen Elkarteak euskal presoen egoera salatu du, eta NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak auzi honetan «arreta berezia»jar dezala eskatu du. AJEk uste du ETAk jardun armatuaren amaieraren iragarri ondoren, Espainiako eta Frantziako gobernuek elkarrizketak abiatu behar dituztela Euskal Herriko eragileekin, besteak beste, presoen egoerari irtenbide bat emateko. «Isolamendu kasuei, urruneko espetxeetan sakabanatuta daudenen kasuei, eta gaixotasun larria dutenen kasuei irtenbidea ematea» eskatu die, hain zuzen ere.

Adierazpen horren bitartez, elkarteak Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politika salatu du Nazio Batuen Erakundearen aurrean, eta nabarmendu du euskal presoei ezartzen zaizkien neurriek eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren hainbat artikulu urratzen dituztela. Batetik, 10. artikuluko 3. paragrafoaren aurkakoak direla dio—«Espetxe-araubidearen araberako tratamenduak helburu nagusitzat izango du zigortutakoen eraldaketa eta gizarte-birgaikuntza», dio artikulu horrek—. Horrez gain, AJEk dio hainbat neurri uler daitezkeela trataera anker eta iraingarri bezala (7. artikulua) zein familiarteko bizitza izateko eskubidearen aurkako portaera bezala (17. eta 23. artikuluak).

Bere adierazpenean, euskal presoen sakabanaketa eta gaixorik dauden presoen kasuak azpimarratu ditu AJEk. Sakabanaketari dagokionez, ohartarazi du presoei ez ezik haien senide eta lagunei ere eragiten diela neurriak, eta presoen defentsarako eskubidea kaltetzen duela. Gaixorik dauden presoen inguruan, bi kasu nabarmendu ditu elkarteak: Iñaki Errorena eta Txus Martinena. Haien kasuak «urgentziazkoak» direla ohartarazi du,eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei eskatu die Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentziak ezarritakoa betetzeko; alegia, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uzteko.

AJE nazioarteko juristen elkarte bat da, eta NBEren aurrean izaera kontsultiboa du. Gisa horretako adierazpen eta salaketak ez dira lotesleak estatuentzat, baina NBEren aurrean agerian uzten dute erakundeko kide diren estatuen betebeharrak zeintzuk diren, zein itun sinatu dituzteneta zertan huts egiten duten.

Euskal Herriko Eskubideen Behatokiak eman du ezagutzera elkartearen adierazpena. Iratxe Urizar Behatokiko abokatuak nabarmendu duenez, «garrantzi handiko adierazpena» da. «Giza eskubideen alorrean lezioak eman nahi ditu Espainiak nazioartean, baina adierazpen honek agerian uzten du zein den Espainiako Estatuaren benetako aurpegia», azaldu du Urizarrek. Behatokiko abokatuak gogoratu duenez, Espainiako Estatuak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna sinatu du, «baina ez du betetzen, AJEren adierazpenak agerian utzi duen bezala». Urizarrek nabarmendu duenez, ez da lehenengo aldia gisa horretako salaketa bat egiten dela Espainiako Estaturen aurka Nazio Batuen Erakundearen aurrean.

Euskal Herrian ireki den agertoki politiko berrian oinarritzen da Amerikako Juristen Elkartearen adierazpena. Aurretik beste eragile batzuek egin duten moduan, AJEk ere Espainiako eta Frantziako estuei dei egiten die «Euskal Herriko ordezkariekin» elkarrizketak abiatzeko konponbide bat bilatzeko «autodeterminazio eskubideari, presoen eta exiliatuen auziari, ETAren desarmeari eta biktimei». «Espero dugu elkarrizketaren bitartez, gatazkaren amaiera ziurtatuko duen konponbide politiko bat bilatzea», dio adierazpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.