Euskal presoak

Presoen auzian "itxaropen faltsurik" ez sortzeko eskatu du Fernandezek

Bizikidetza idazkariak nabarmendu du Jaurlaritzak ez duela sumatu Frantziako Gobernuak aldaketarik egin duenik espetxe politikan.

Jonan Fernandez, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko abenduaren 11
15:07
Entzun

Espetxe politikan salbuespen neurriak indargabetzeko eskatuz larunbatean Parisen egin zen manifestazioa kontuan hartu behar bada ere,  ez du mugarririk jarri, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkariaren ustez. Horregatik, "itxaropen faltsurik" ez sortzeko eskatu du.

Frantziako Gobernuak elkarrizketarako esparrua sortzea baikorra dela esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, eta gogora ekarri du zazpi euskal presori gradua aldatu diotela ere : "Horraino iritsi dira aldaketak gaur arte". Eta hori, haren ustez, ez da aldaketa: "Baliteke aldaketak egotea, baina oraingoz ez da egon".

Aldaketak gertatzeko urratsak "beste norabideetan" egin behar dira, Fernandezen irudiko: "Bakarkako eskaeren garapenean, legearen bideetan, iraganaren irakurketa kritikoan...". Espetxe politikaren aldaketan horiek lagundu dezaketela uste du, eta baita ETA behin betiko desagertzeak ere. Zehaztu du, banaka aztertu behar direla auziak, eta hiru baldintza bete behar direla: delitua berriz egiteko arriskurik ez egotea, "arrazoizko portaera" izatea, eta pertsona horrek "egindako delituaren inguruko irakurketa kritikoa" egitea.

Hori esan eta gero zehaztu du "plano" ezberdinak bereizi behar direla. Euskal presoak beren etxetik gertuen dauden espetxeetara mugitzeko ez dela beharrezkoa aurretik halako "baldintzak" jartzerik; "legeak aurreikusitako gauza bat da, eta bete egin beharko litzateke, egokiena delako, zehatzena, eta gizarteari zein familiei min gutxien egiteko modua".

Sakabanaketa mantentzeko Espainiak erabiltzen dituen argudioak ere okerrekoak direla azpimarratu du Fernandezek: "Sakabanaketak familiak jotzen ditu, eta ez presoak".

Antzeko adierazpenak egin zituen Fernandezek atzo ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.