Bruselako Adierazpenak, Gernikako Akordioak, ezker abertzalearen bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuak eta ETAren orain bi urteko erabakiak Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian "aro politiko berri bat" ireki dutela diote manifestuan. "Aro politiko honek atzerapenik gabe ekitea eskatzen du. Indarkeriaren eta gatazkaren gainetik, bakearen bidean pausoak ematea". Bide horretan gainditu ezin den aitzakiarik edo trabarik ez dagoela diote manifestuan. Horregatik, alde guztiei bake "justu eta iraunkor" baten alde lan egiteko eskatu diete, eta aurrera egiteko Aieteko Adierazpenak zehaztutako bide orriari jarraitzea gomendatu diete.
Aieteko bake konferentzia gertakari horietan guztietan ezinbestekoa izan dela diote sinatzaileek, eta bere horretan "balio handikoa" dela azpimarratu dute "Euskal Herriak horrenbeste behar duen irtenbideak bilatzeko testuinguruan". Aieteko Adierazpenaren bost puntuak bide orri "egokia eta balio handikoa" direla nabarmendu dute, eta edukiengatik, inplikazioengatik eta eskatzen dituen pausoengatik "erreferentziazko ekimena" dela. Euren aldetik "jokaleku berria" egonkortzea bultzatzeko konpromisoa hartu dute.
Hamabi presidente ohi Aieteko Adierazpenaren sinatzaileen artean
Atzo arratsaldean hasi zuten, Mexikon, ospe handiko hainbat pertsonak Euskal Herriarentzako Bakearen Aldeko Kontinenteko Topaketa, Aieteko Konferentziak bigarren urteurrena bete duen egunean. Hain zuzen, Aieteko Adierazpenaren baliagarritasuna aldarrikatu zuten, eta adierazpen bat sinatu zuten atzo.
Latinoamerikan bakearen eta giza eskubideen alde diharduten bost erakundek eta Lokarrik antolatu dute ekitaldia, eta hemezortzi pertsona ezagunek bere egin dute lana aurrera eramateko ardura. Horietako hamabi beren herriko presidente izanak dira; Guatemala, Ekuador, Bolivia, Txile, Paraguai, Uruguai eta Kolonbiako presidente izanak, hain zuzen. Bik Bakearen Nobel saria dute, bat Unescoko zuzendari nagusia da, eta gainontzekoak senatariak edo ministro ohiak dira.