Ez dute Espainiako Gobernuaren eskumenetan sartu nahi, baina «kezkatuta» daude euskal presoen eta haien senitartekoen egoerarekin. Egoera bertatik bertara ezagutzeko, Euskal Herrian dira Gabi Zimmer (Die Linke), Josep Maria Terricabras (ERC) Lidia Senra (AGE), Tatjana Zdanoka (LKS), Mark Demesmaeker (N-VA) eta Martina Andersonek (Sin Fein) eta Malin Bjorkek (Vansterpatiet).
Asteartera bitartean izango dira Euskal Herrian, eta esparru juridikoko, politikoko eta sozialeko hainbat lagunekin biltzeko asmoa dute: Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, Eusko Legebiltzarreko kideekin, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiarekin, Juan Cruz Alli Nafarroako presidente ohiarekin, Juan Karlparsoro EAEko fiskal nagusiarekin, sindikatuekin, gizarte eragileekin, Etxerat elkartearekin... 30 bat bilera egin nahi dituzte eta jasotako informazio guztiarekin txosten bat osatu, arlo horretan zein bide jorra daitezkeen aztertzeko.
Giza eskubideen defentsa egitea Europako Parlamentuaren egitekoa dela nabarmendu zuen Terricabras ERCkoak bisitaren berri eman zutenean, eta «alde guztien» informazioa biltzea dutela helburu: «Europako legediak eta Espainiakok berak debekatu eta zigortu egiten du presoak euren sorterritik urrutiratuta egotea. Horrek harridura eragiten du Europako Parlamentuan eta giza eskubideen egoera zein den ikertu nahi dugu, interes europeista bat delako». Mark Demesmaeker flandriarrak argitu zuen «presoen eskubideen egoera» nola dagoen aztertu nahi dutela, «horien egoera konpontzea ezinbestekoa baita bakea lortzeko».
Euskal presoak
Presoen egoeraz informazioa bilduko dute europarlamentariek
Euskal Herrian izango dira asteartera arte, eta hainbat bilera egingo dituzte presoen eta haien senitartekoen egoera bertatik bertara ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu