Rafael Catala Espainiako Justizia ministroarekin bildu ostean, Christiane Taubira Frantziakoak esan du Frantziak presoek banaka egiten dituzten eskaerak hartzen dituela aintzat eta horien berri ematen diola Espainiari. Eskaera horiek irizpide batzuen arabera aztertzen direla gaineratu du, eta zehaztu du zigorraren luzapenari eta espetxeen segurtasunari lotutako irizpideak direla, "eta modu orokorrean senideekiko gertutasunari eta bergizarteratzeari lotuta" egon behar dutela.
Frantziako Justizia ministerioa eta "euskal presoen aldeko elkarteetako ordezkari zenbait" uztailaren 8an bildu ziren. Euskal presoen hurbiltzeari buruz mintzatu ziren uztail hasierako bilera hartan, eta, hurbilketaren alde agertu ziren Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroaren ordezkariak, AFP albiste agentziak atzo jakinarazi zuenaren arabera. "Kasuz kasu" aztertu beharko lirateke hurbilketak eta "arrazoi humanitarioengatik" egin beharko lirateke, Justizia ministroaren erranetan. Gaur zehaztu du sei direla Mont de Marsango espetxean (Okzitania) dauden euskal presoak, Euskal Herritik dagoen gertuenean.
Olivier Pedro-Jose Justizia Ministerioko bozeramaileordeak, baina, ohartarazi zuen atzo engaiamendurik ez dagoela, "Frantziako euskal presoak kasuz kasu eta arrazoi humanitarioengatik hurbiltzeko borondatea baizik". Colette Capdevielle diputatu sozialista ere berdintsu mintzatu zen: "[Justizia] Ministroa euskal presoen hurbiltzearen alde dago, kasuz kasu eta arrazoi humanitario edo familiarrengatik".
Joan den ekainaren 11n egin zuten bake konferentzia Parisko Asanblea Nazionaleko Victor Hugo gelan, eta hain justu, Frantziako Gobernuari engaiatzeko eskatu zioten parte hartzaileek. Eskaeren artean zegoen, bertzeak bertze, Frantzian sakabanaturiko euskal presoak hurbiltzea. Gaur egun 92 preso daude Frantziako espetxeetan, eta Mont de Marsangoa dute (Okzitania) Euskal Herritik gertueneko kartzela.
Ez da Taubirak euskal presoen eskubideen aldeko jarrera erakusten duen lehenbiziko aldia. 2013an, eri dauden presoek senideen ondoan hil beharko luketela erran zuen, Frederique Espagnac senatari sozialistak gaixo dauden presoei buruz egindako galderari erantzunez. Presoen hurbiltzeari buruz ere galdetu zion Espagnacek, baina galdera horri ez zion ihardetsi. Halaber, 2014an Baionako unibertsitatera hitzaldi bat ematera etorri zen Taubira, eta han zeuden kazetariek presoen hurbiltzeari buruz galdetu zioten. Gaiaz hitzik egin ez zuen arren, Euskal Herrira "luze gabe" itzuliko zela jakinarazi zuen, "horretaz guziaz mintzatzeko".
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa eta Taubira bera elkartu eginen dira gaur. Ikusteko dago bileraren gai ordena, baina AFP agentziak dio Frantziako Gobernua "pixka bat aldatzen" hasi dela, nahiz oraindik Espainiako Gobernuak ezarri ildoari jarraitzen dion.