«Presoen eskubideak bideratzea» beharrezkotzat jo du Muñozek

Urtarrilaren 7an presoen eskubideak aldarrikatzeko egingo den manifestazioarekin bat egin du ELAk

Adolfo Muñoz eta Xabier Anza, ELAko Bilboko egoitzan presoen egoera salatzeko egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu die espetxe politika malgutu dezaten, egoera politiko berria sustatu bidean. «Gauzak aldatu dira, eta Espainia eta Frantziako gobernuek neurri sendoak hartu behar dituzte euskal presoen eskubideak aurrera eramateko. Gure herriaren normalizazio politikoak eskatzen du euskal presoen eskubideak bideratzea». Prentsaurrekoan agertu zen atzo Muñoz, euskal presoen egoeraren inguruan sindikatuak egindako barne hausnarketa plazaratzeko, eta urtarrilaren 7an Bilbon deitu den manifestazioari atxikimendua adierazteko.

Muñozen aurretik, ELAko zuzendaritza batzordeko Xabier Anzak hartu zuen hitza. Atzo Espainiako Konstituzioaren Egunaospatzen zela probestuz, Anzak alderatu egin zituen Espainiako legediak espetxe politikaren inguruan ezartzen dituen zehaztapenak eta errealitatean euskal presoekin erabiltzen diren neurriak: «Konstituzio horrek 25. artikuluan ezartzen dituen espetxe politikaren xede nagusiak ez datoz bat, inolaz ere, aplikatzen den benetako espetxe politikarekin». Ondoren, gaur egun indarrean den espetxe politikari sindikatuak egiten dizkion kritikak azaltzeari ekin zion Anzak. Hiru punturen inguruan hezurmamitu zuen mintzaldia: presoen sakabanaketa politika, preso gaixoenganako tratua eta «kondenak luzatzeko egin diren lege aldaketak».

Lehenengo puntuari dagokionez, esan zuen «gizarte demokratiko bateko espetxe politikak beharko lituzkeen printzipioen kontrakoa» dela. Horrez gain, politika horrek presoen senideak ere zigortzen dituela salatu du, «milaka kilometrotako bidaiak egin behar baitituzte bisitetarako». Bidaia horiek eragiten dituzten istripuak eta kostu ekonomikoak ere gogoratu ditu. Ondorioz, presoak Euskal Herrira hurbiltzea aldarrikatu du sindikatuak.

Halaber, preso gaixoei ematen zaien tratuaren aurka agertu da Anza: «Askori eragotzi egiten diete eskubidez zor zaien arreta medikua eta tratamendua jasotzeko aukera». Gaineratu duenez, «Estatuak behin eta berriz saihesten du gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoak kaleratzeko betebeharra».

Azkenik, Parot doktrina aipatu du. «Baldintzapeko askatasuna ez da aplikatzen, zigorren hiru laurdenak edo bi herenak bete dituzten presoen kasuetan, eta dagozkion erredentzioak ere ez zaizkie ematen». Horrez gain, «presoek jasaten dituzten beste zigor gehigarri batzuk» salatu ditu, hala nola senideekin euskaraz harremanak izateko aukera galaraztea, EHUn ikasketak egiteko ezintasuna, preso dauden bikoteei zein ama izan nahi duten emakumeei «ematen zaien duintasunik gabeko tratua» eta «bakartze erregimena aplikatzerakoan egiten den abusua».

Espetxe politikaren bilakaera

Azken puntu horren harira, azkeneko hamabost urteetan egon diren lege aldaketen azterketa egin du Muñozek. Haren iritziz, «arerioari jazarri eta mendekua egiteko» egin ziren aldaketak izan dira. Datu bat eman zuen egungo egoera irudiz hornitzeko: «50 pertsona baino gehiago kalean egon beharko lirateke, Parot doktrina indarrean egongo ez balitz». Ondoren, Aieteko konferentzian adostutako puntuei buruz aritu da. ETAk «jarduera armatua behin betiko amaitzea» erabaki ostean, konferentziako agiriaren arabera, Espainia eta Frantziako gobernuei gatazkaren ondorioen inguruko negoziazioak irekitzea dagokiela ekarri zuen gogora.

Era berean, idazkari nagusiak iragarri zuen afiliatuei dei egingo diela abenduaren 30ean presoen egoera salatzeko egingo diren bilkuretan parte har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.