Presoen eskubideak urratzeari utzi eta auzia konpontzeko exijitu dute

Amaiurrek PPri ohartarazi dio ezingo duela jarraitu «euskal gizartearen gehiengoaren eskaerari» entzungor egitenEzer eskatu aurretik ETAri desegitea galdegiteko erantzun dio Fernandez Diazek

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideak urratzeari utzi egin behar dio Espainiako Gobernuak, Amaiurren irudiko. Urratze horiek utzi, eta auzia konponbiderako norabidean jartzeko eskatu dio koalizio abertzaleak PPri Madrilen, Espainiako Diputatuen Kongresuan egindako agerraldian. Hori eginda «klabe demokratikoan» arituko litzatekeela ekarri dio gogora, eta euskal gizartearen gehiengoaren nahia errespetatuko lukeela.

Espainiako Gobernuak, ordea, ez ditu ontzat hartzen Amaiurren eskaerak. Hauteskundeetara aurkezteko legeak jartzen dituen baldintza guztiak betetzen dituen arren eta Kongresuan ordezkaritza duen arren, ez dio gainerako alderdi eta taldeei bezalako zilegitasunik onartzen PPk Amaiurri. Hala erakutsi zuen atzo Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, koalizioaren eskaerari emandako erantzunarekin.

ETAri baldintzarik gabe desegiteko eskatzen ez dion bitartean ezin duela ezer exijitu ohartarazi zion. Koalizioaren kontra egiteko baliatu zuen aukera Fernandez Diazek, eta esan zuen iazko hauteskundeetarako sortu zen arren «urteetan» ETA «txalotzen eta adoretzen» aritu izan dela. Horregatik, erakunde armatuari desagertzeko exijitzeaz gain, barkamena eskatu eta hark eragindako kalteengatik atsekabea azaltzeko eskatu dio Amaiurri, beste ezer galdegin aurretik.

Euskal preso politikoei ezartzen zaizkien «salbuespenezko neurriak» indargabetzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari Amaiurrek, atzoko agerraldian, eta horixe bera eskatuko dio Fernandez Diazi Kongresuan egingo duen agerraldian ere. Amaiurrek eskatuta egingo du agerraldi hori Barne ministroak, aurreikuspenen arabera, maiatzaren aurreneko astean.

Amaiurrek argi dauka PPk egin beharrekoa zer den: «Sakabanaketa politikari amaiera ipini behar dio, gaixotasun larriak dituzten presoak aske utzi behar ditu, eta gauza bera egin behar du zigorraren hiru laurdenak bete dituztenekin, Parot doktrina delakoa aplikatu dietenekin eta zigor osoa betea dutenekin».

Amaiurrek larritzat jo du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrinari oniritzia eman izana. Horregatik, larunbatean Gernikako Akordioak deituta Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin du koalizioak.

Konstituzionalaren erabakiak «izaera politikoa» duela uste du Amaiurrek, eta horrek Espainiaren «gabezia demokratikoak» agerian uzten dituela salatu du Xabier Mikel Errekondo diputatuak: «Argi gelditu da gatazkarekin lotutako gaietan Espainiako Estatuaren botere banaketa fantasia hutsa dela. Auzitegi Konstituzionalak, berriz ere, gobernuaren aginduak bete ditu».

Nolanahi ere, euskal gizartearen gehiengoaren eskaerei entzungor egiten ezingo duela jarraitu ohartarazi dio Amaiurrek PPri: «Euskal gizartea abian da bere hitzaren errespetuaren alde, bere erabakiaren eta bere askatasunaren alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.