Presoen eskubideen alde, nazio manifestazioa gaur

Guggenheim aurretik abiatuko da martxa, 12:30ean, eta amaieran festa egingo dute udaletxe inguruan

Erredakzioa
Bilbo
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, nazio manifestazioa egingo dute gaur Bilbon, Egin Dezagun Bidea ekimenak deituta. Euskal presoen eskubideak errespetatu egin behar direla eta haiek Euskal Herriko espetxeetara ekarri behar direla uste dute manifestazioaren sustatzaileek. «Preso politikoengan mantentzen den kartzela politika ezin da izan herri hau berdin jarraitzera kondenatzen duen esparrua», esan zuten deitzaileek, joan zen asteko prentsaurrekoan. Urtarrilaren 8an Bilboko kaleak bete zituen manifestazio erraldoiak jarraipena izatea nahi dute, eta, hain justu, horretarako antolatu dituzte gaurko manifestazioa eta egun osoko jaia.

Guggenheim aurretik hasiko da manifestazioa gaur, 12:30ean, Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelotzat hartuta. Hori amaituta, ekitaldi berezia egingo dute udaletxe inguruetan: antzerkia eta kontzertuak izango dira, besteak beste.

Hainbat jende ezagun dago manifestazioaren sustatzaileen artean. Besteak beste, Pirritx eta Porrotx pailazoak, Acero anaiak, Eñaut Elorrieta, Irati Anda, Itziar Ituño, Jon Maia, Jose Mari Pastor, Miren Amuriza, Nagore Amondarain, Onintza Enbeita, Patxi Biskert eta Unai Iturriaga.

Sustatzaileez gain, hainbat eragileren babesa lortu du manifestazioak. Alderdien aldetik, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek zein Abertzaleen Batasunak eman diote atxikimendua, eta, sindikatuei dagokienez, ELAk, LABek, EILASek, ESK-k eta EHNEk. Horiez gain, Lokarrik, Iratzarrik, Gazte Abertzaleek, Ikasle Abertzaleek, GaztEHerriak, Euskal Herriak Bere Eskolak, Bai Euskal Herriari-k, EHEk, ESAITek eta Oroimen Historikoa Berreskuratzen-ek ere babesa eman diote.

Egin Dezagun Bidea ekimenak «beste urrats bat» egiteko deia egin die herritarrei. Izan ere, uste dute euskal presoen eskubideen defentsan «bide luzea» dagoela egiteko. «Euskal Herrian demokrazia beteko egoera eraiki eta egiazko soluzioen aroa garatzearekin batera, preso eta iheslari politikoak askatasun osoz etxera itzul daitezen». Horretarako, «herri oso baten konpromisoa» ezinbestekoa dela irizten diote ekimenean batuta dauden ehun lagun inguruk, eta eurak horregatik batu zirela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.