Euskal presoak. Bilboko manifestazioa

Presoen eskubideen defentsa prozesuarekin lotu dute eragileek

Jasotako babes zabala egoera politikoak piztu duen «itxaropenaren» isla izan dela diote sindikatu eta alderdietako ordezkariekSakabanaketak «zigor erantsia» dakarrela salatu, eta desagerrarazteko eskatu dute

Bilboko udaletxe aurrean bildutako manifestariek Euskal preso eta iheslariak etxera dioten zapiak erakutsi zituzten manifestazioaren amaieran. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Manifestazioaren arrakastak garai politiko berrirako gizarteak duen itxaropena erakusten duela esan dute Euskal Herriko politikako, sindikalismoko eta gizarteko ordezkariek.

MARIAN BEITIALARRANGOITIA



Ezker abertzaleko ordezkaria

«Presoak dugun auziaren parte dira, eta konponbidearen parte ere bai»

«Euskal gizartea zoriondu beharra dago, beste behin ere Bilboko kaleak bete dituelako presoen eskubideen alde. Gehiegi luzatzen ari da zigor erantsia dakarren sakabanatze politika, eta gizartean gehienek sakabanaketa amaitzeko eskaerarekin bat egiten dute. Presoak eskubide guztiekin behar ditugu ahalik eta azkarren, prozesu demokratikoan partaide izan daitezen. Dugun auziaren parte dira, eta konponbidearen parte ere bai. Eraikitzen ari garen etorkizunean presoen gaia ere hor egongo da, erdigunean».

PATXI ZABALETA



Aralarreko koordinatzailea

«Estatuaren espetxe politika salatu behar dugu»

«Aralarrek babesa eman dio manifestazio honi, eta honen leloarekin zein helburuarekin bat egiten du. Preso politikoen eta politikoak ez diren preso guztien giza eskubideen alde eta haien zigor erantsiak kentzearen alde gaude. Estatuaren espetxe politika salatu behar dugu, zigor erantsiak dauzkalako eta, haren ondorioz, egoera larrian daudelako hainbat eta hainbat pertsona».

PELLO URIZAR



Eusko Alkartasuna

«Gobernuak bereziki eman beharrekoak pausoak preso politikoen ingurukoak dira»

«Badira egin beharreko beste urrats batzuk, baina gobernuak bereziki eman behar dituen pausoak preso politikoen ingurukoak dira. Zoritxarrez, bete beharreko zigorraren gainean beste zigor bat betetzen ari dira; gaixorik daudenekin, zigorra beteta daukatenekin eta sakabanaketarekin familia eta ingurukoek ere sufritzen dutena. Ez dago eskubiderik, hori gainditu beharra dagoela uste dugu. Lan egingo dugu gizartea gero eta gehiago inplikatu dadin;Zorionez, uste dugu garai berri baterantz goazela».

MERTXE COLINA



Abertzaleen Batasuneko bozeramailea

«Espero dugu datorren urtean tradizio honekin jarraitu behar ez izatea»

«Beste urte batez hemen gaude, presoen familiei sostengua emateko eta haien eskubideak errespetatuak izan daitezen. Manifestazio hau tradizio bihurtu da eta tradizio honekin hautsi behar da. Espero dugu datorren urtean honekin jarraitu behar ez izatea. Ipar Euskal Herritik etorrita, han ere gertatzen ari dena izugarria dela esan beharra daukat. Horri aski dela esateko elkartu beharra dago».

OSKAR MATUTE



Alternatibako bozeramailea

«Ordua da orain arte urratsik egin ez dutenak mugi daitezen bake justua lortzeko»

«Pertsona guztien eskubide guztien defentsan sinesten dugunon ordua da. Estatuak presoen eskubideak askotan urratzen ditu, eta, askotan, balizko garai politiko berri honetan presioa egiteko ere erabiltzen ditu. Gizartearen gehiengoaren borondatea da konponbidea ekarriko duen prozesua abiatzea, eta, horregatik, oso martxa jendetsua da hau. Ordua da orain arte urratsik egin ez dutenak mugi daitezen bake justua lortzeko, iraunkorra eta garaile zein galtzailerik gabekoa».

ADOLFO MUÑOZ



ELAko idazkari nagusia

«Estatuaren esku dagoazken urteetan hartu dituen erabakietan atzera egitea»

«Presoen arazoa gizartearen arazoa da eta konpondu beharra dago. Hortik aurrera, estatuaren esku dago azken urteetan hartu dituen erabakietan atzera egitea; sakabanaketa bertan behera utzi eta gaixo daudenak zein zigorra gainditu dutenak libre uztea. Gizartea mobilizatzea beharrezkoa da hori guztia aurrera eramateko. Gaur bildutako jende kopurua itxaropenaren erakusgarri da».

AINHOA ETXAIDE



LABeko idazkari nagusia

«Errepresioaren bidez nekez geldiaraz daitekeen bidea egiten ari gara»

«Egoera berezia dela erakusten du gaurko manifestazioan inoiz baino jende gehiago egoteak. Seguru nago manifestazioak balio izango duela espetxe politika aldatzeko bidean eta urrats berriakegiteko. Presoak Euskal Herrian eta eskubide guztien jabe egotea prozesuan parte hartzeko mesedegarria izango da. Jendeak hala ulertu duelako ari da erantzuten. Euskal jendartearen eta eragileen eskutik bide politiko eta demokratikoetatik egitea erabaki dugula, horren kontra agertzea nahiko zaila dela iruditzen zait. Inposizioaren eta errepresioaren bidez nekez geldiaraz daitekeen bidea egiten ari garela erakusten du manifestazio honek».

JESUS UZKUDUN



Euskadiko CCOOko kidea

«Jendeak espero du ETAk herriaren eskaerei erantzutea»

Jendeak espero du ETAk herriaren eskaerei erantzutea eta, beste aldetik, presoen egoera ere konpondu behar dela. Horregatik guztiagatik, merezi du manifestazio honetan parte hartzea».

JOSU BALMASEDA



ESK-ko bozeramailea

«Beste erakundeek ere pausoa ematea beharrezkoa da»

«Zoritxarrez, manifestazio honetara etorri beharra dago aurten ere, eskubide guztien alde egiteko eta, kasu honetan, presoen eskubideen alde. Beharrezkoa da hemen egotea haien eskubideak bete daitezen eskatzeko. Gernikako akordioari jarraituz, pertsona guztien eskubideak aldarrikatu behar ditugu. Beste erakundeek ere pausoak ematea beharrezkoa».

BELEN ARRONDO



EILASeko bozeramailea

«Hemen askotariko jendea dago eta horrek garrantzia dauka»

«Urtero errepikatzen den eta zilegitasun osoa duen eskaera bat da hau, presoen eskubideak errespetatu beharra. Aurten testuinguru berezi batean egin da, ilusio berezia dagoelako denon artean irtenbideak topatzeko. Hemen askotariko jendea dago eta horrek bere garrantzia dauka. Gaur presoen eskubideak aldarrikatzen ditugu, baina espero dugu hau beste helburu batzuetan ere irudikatzea».

IZASKUN GUARROTXENA



Bilgune Feministako ordezkaria

«Espero dugu entzun behar dutenek entzutea»

«Gaur argi gelditzen da euskal presoen kolektiboaren alde gaudela, gaur egun dagoen eskubideen urraketarekin bukatzeko eskatzen dugula eta Euskal Herriak erantzun bat eman duela. Espero dugu entzun behar dutenek entzutea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.