Kalera eraman nahi du KonpONbidea ekimenake euskal presoen eskubideak errespetatzeko deia. Horretarako antolatu dituze jardunaldiak. Orain aste batzuk aurkeztu zuten San Telmoko adierazpena, eta apirilaren 12an Eskoriatzan (Gipuzkoa) egingo duten herritarren topaketa aurkeztu dute orain. Presoen eskubideen alde Donostian adostutako manifestuarekin bat egiten duen jendea biltzea da antolatzaileen asmoa. Joera eta jatorri politiko askoko pertsona talde batek sustatu du egitasmoa, eta joera eta jatorri politiko askoko jendea bildu nahi dute orain. “Gizartean gai honi heltzeko zer nolako lanketa egin daitekeen da ikusi nahi duguna”.
Irekia izango da deialdia. Abiapuntua ezarria dute, halere. KonpONbidea ekimenaren web orrialdean jarri dituzte eztabaidarako oinarri gisa balioko duten dokumentuak, eta bertan dira eztabaidarako erabiliko den metodologiaren nondik norakoak ere. Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu ohia, Pello Reparaz Vendetta taldeko kidea eta Teresa Toda Egineko zuzendari ohiak egin dute aurkezpena gaur Bilbon. Eta proposamena babesten duen jende taldea izan dute ondoan.
"Ezkutuko biziarteko zigorrak"
Presoen eskubideen aurka doazen legeak aldatzeko eskaria da KonpONbidearen manifestuko eskarietariko bat, eta ildo beretik jo du gaur Azkarragak. Salatu duenez, bake bidean urratsak eman diren arren, Espainiako Gobernuak “geldi” jarraitzen du. Areago: “Espetxe politika gogortzen jarraitzen du”. Sakabanaketarekin amaitzeko eskatu dio horregatik Madrili, eta baita “mendeku politika” baztertzeko ere. “Behin betikoa izango den bake prozesu baten alde egiteak batzen gaitu. Pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatuko dituen bakea nahi dugu, eta, beraz, baita preso diren pertsonen eskubideak errespeta daitezela ere”.
Bi mugarri aipatu ditu kontseilari ohiak: 2011n ETAk armak uzteko hartutako erabakia, eta orain hilabete batzuk euskal presoek espetxe legedia onartuko zutela egindako adierazpena. Aurrerapausu nabarmentzat aurkeztu ditu bi gertakari horiek Azkarragak, baina bere hitzetan, Espainiako Gobernuak ezer aldatu ez balitz bezala jarraitu du. Sakabanaketa politikak presoen senideei eragiten dien kaltea izan du gogoan. “Ezkutuko biziarteko kartzela zigorrak” bertan behera utzi behar direla esan du, eta kartzelan diren gaixo larriak askatzeko deia ere egin du.
Sinatzaile gehiago
Egitasmoa bultzatzen jarraitzen dute antolatzaileek, bestetik. Hainbat ideologia eta jatorri politikoko jendea biltzea da haien asmoa. 25 sinatzaileko zerrenda aurkeztu zuten orain aste batzuk. Eta beste 18 pertsonak egin dute orain bat ekimenarekin.
Iñaki Aldekoa
Ikerne Altuna
Ione Artola
Oscar Bañuelos
Eloi Beato
Juanba Berastegi
Juan Ibarrondo
Maddalen Iriarte
Gorka Knorr
Sustrai Colina
Iñaki Lasagabaster
Miren Agur Meabe
Ane Muguruza
Amaia Nerekan
Mirentxu Purroy
Arantza Urkaregi
Jesus Viñaspre
Iñaki Zarroa