EUSKAL PRESOAK

Presoen gaia politikoa dela azpimarratu du Mouescak Sorbonako Unibertsitatean

"Ez da gai humanitarioa, politikoa baizik", esan du. Presoek bake prozesuan izan dezaten zeregina aztertzeko mintegia egin dute.

Mintegiaren irudi bat. MADDI ANE TXOPERENA
maddi ane txoperena iribarren
2016ko urtarrilaren 27a
07:22
Entzun

Euskal presoek bake prozesuan izan dezaketen zeregina aztertu dute Sorbonako Unibertsitatean, Parisen. Hango HDEA ikerketa taldeak, Liverpoolgo Unibertsitateak eta Bake Bideak elkarlanean antolatu dute gaurko ekitaldia; Euskal Herriko gatazka izan dute hizpide, ondorengo hilabeteetan jarraipena izango duen mintegi baten barruan. Euskal presoen egoera aztertu dute gaur arratsaldeko saioan; maiatzaren 19an, armagabetze prozesua; eta irailaren 15ean, biktimen rola.

Sorbonako Unibertsitateko Michelet aretoan egin dute gaurko hitzaldia, 17:00etatik aurrera. Kieran McEvoy Belfasteko Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea mintzatuta da aurrena, eta Ipar Irlandako gatazkarekin alderatuko du Euskal Herrikoa, betiere presoen auzia oinarri hartuta. Jarraian, Nicolas Ferran OIP Kartzelen Nazioarteko Behatokiko presidentea aritu da, eta berak Frantziako espetxeetako legedia aztertu du. Amaitzeko, Euskal Herriko ikuspegia ematen aritu dira Parisera joandako hiru lagun. Euskal presoei legea nola aplikatzen zaien azaldu du Xantiana Cachenaut abokatuak; presoen egoeraz aritu da Gabi Mouesca preso ohia eta OIPko presidente izandakoa; eta presoen senideen bizipenak kontatu ditu Joana Haranburuk—25 urte preso daramatzan Frederique Haranbururen alaba da—. Joana Etxart Sorbonako irakasle eta ikertzaileak eta Serge Portelli magistratuak gidatu dute mahai ingurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.