Euskal presoen auzia eztabaida politikoaren erdigunean jarri da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek (EPPK) Euskal Herriratzeko eskaera egingo dutela iragarri izanak erreakzio soka luzea ekarri du, eta espetxe politika aldatzeko eskaerarekin bat egin dute euskal alderdi gehienek. Hain justu ere, Patxi Lopez lehendakariak euskal presoen hurbilketaz hitz egiteko bilera bat eskatu dio Mariano Raxoi Espainiako hurrengo presidenteari, atzo Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiak jakinarazi zuenez. Espetxe politikan egin litezkeen aldaketak aztertzeko eta euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeari buruz dituen proposamenak helarazteko bildu nahi du lehendakariak Raxoirekin, PSEko buruak Radio Euskadin azaldu zuenez. Izan ere, lehendakariak orain dela bi hilabete espetxe politika aldatzea proposatu zuen Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkuran, eta horren barruan presoak «era progresiboan» hurbiltzea eskatu zuen.
Prietok esan du PSE-EE espetxe politika aztertzearen aldekoa dela, eta uste du ETAk jarduera armatua utzita «berrikusi» egin beharko liratekeela indarrean dauden «salbuespeneko» neurri batzuk, «presoen gizarteratzea» lortze aldera. «ETAko presoak gainerako presoen modura hartu beharko lirateke, neurri berezirik ezarri gabe». Nolanahi ere, Prietok ohartarazi du presoak espetxean daudela pertsonen, gizartearen eta ondasunen aurka atentatuak egin dituztelako, eta espetxe politika martxan jarri bazen «demokrazia» babesteko jarri zela. «Perspektiba hori ez galtzeko» eskatu du Prietok.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak, berriz, EPPKren agiria hizpide hartu du, eta presoei eskatu die ETArengandik aldentzeko, «ahots propioa» izateko, eta sortutako «mina» aitortzeko, «gizarteratzeko neurriak» jaso ahal izateko. Neurri horiek banaka ezarriko liratekeela esandu. Gainera, Jaurlaritzako eledunak uste du «edozein gobernu demokratikok» ez liokeela amore eman behar presoen «presioari».
PPrentzat, ostera, EPPKren agiriak agerian uzten du ETA existitzen dela eta presoak haren «aginduetara» daudela. Leopoldo Barreda PPko diputatuak esan du eskaerak soilik legearen arabera egin behar direla.
Aieteko Adierazpena
Ezker abertzaleak, berriz, euskal preso bakoitzak Euskal Herriratzeko eskaera aurkezteko agertutako asmoa eta erabakitasuna agurtu eta txalotu du. EPPK-k kaleratutako agiriaren ildotik, ezker abertzaleak uste du premiazkoa dela Espainiako eta Frantziako espetxe politikak «lehenbailehen» amaitzea, «eskubide urraketaren ikur nagusia» direlako. Ezker abertzalearentzat, bada garaia bi estatuek «jarrera eraikitzailea» izateko eta konpromisoak hartzeko. Hala, Aieteko Adierazpena bere egin dezaten eskatu die Espainiari eta Frantziari, eta bake eta normalizazio politikoari «ekarpen eraikitzailea» egin diezaioten galdegin die.
Horretarako herritarren mobilizazioa beharrezkoa dela nabarmendu du, eta dei egin die herritar guztiei urtarrilaren 7an Bilbon Egin Dezagun Bidea plataformak deituta egingo den manifestazioan parte hartzera.
EAJko legebiltzarkide Joseba Egibarren ustez, PPk heldu egin beharko dio presoen hurbilketari, halako neurriek «prozesuaren atzeraezintasuna egonkortzen» lagunduko dutelako. Espainiako Gobernu berriak «berehala mugitu» beharko luke presoen auzian, tartean, preso gaixoak eta zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak askatuz, eta Parot doktrina baliogabetuz, Egibarrek dioenez.
EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalaren irudiko, «mendekua eta sakabanaketa» oinarri duen espetxe politikak «ez du inoiz zentzurik izan, eta are gutxiago egungo egoeran». EAkoak dio «ausardiaz» heldu behar zaiola espetxe politikaren malgutzeari, eta garaia dela presoen auzian «berehalako urratsak» egiten hasteko.
Presoen hurbilketaz hitz egiteko bilera eskatu dio Lopezek Raxoiri
Txarli Prietok jakinarazi duenez, espetxe politika «berrikusteko» eskatuko dio lehendakariak Espainiako gobernuburuariEzker abertzaleak, EAJk eta EAk esan dute presoen auzian urratsak egiteko garaia dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu