Presoen parte hartzea aldarrikatu du Gernikako Akordioak Madrilen

Akordioaren ordezkaritza Gallizorekin biltzen saiatu da espetxe politika alda dezala eskatzeko, baina zuzendariak ez du hartuKonponbiderako garaira jauzi egin dezala galdegin diote sinatzaileek gutuna emanda

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Madril
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioaren sinatzaileak Madrilen izan dira, «jokaleku demokratikoa bultzatzeko konpromisoa» bete nahian. Argi dute gatazka gainditzeko korapilo bat askatu beharko dela ezinbestean, eta hari begira pausoak eman daitezela eskatzera joan dira Madrilera: presoen egoera askatzen has dadila aldarrikatzera.

Espainiako Espetxeetarako zuzendari Mercedes Gallizorekin biltzeko asmoz abiatu ziren hogei bat ordezkari atzo goizaldean autobusean. Tartean, ezker abertzaleko Tasio Erkizia eta Miren Legorburu, Alternatibako Oskar Matute eta Jonathan Martinez, Aralarreko Josu Murgia eta LABeko, EILASeko, Hiruko, EHNEko, GaztHerriako, Giza Eskubideen Behatokiko, Torturaren Aurkako Taldeko eta AAMko kideak. EAko Maiorga Ramirez eta Koldo Amezketa autoan joan ziren Nafarroatik. Espetxeetarako instituzioak euskal presoen aurka ezarria duen politika alda dezala eskatzeko bildu nahi zuten Gallizorekin akordioaren sinatzaileek. «Fase errepresibotik konponbidearen faserako saltoa» egin dezala eskatzeko.

Euskal Herritik joandako ordezkaritzaren izenean lau kide sartu ziren, 11:00etan, zuzendaritzaren egoitzara, baina Gallizok ez zituen hartu. Bidaiariek autobusean erabaki bezala, Alternatibako Oskar Matute, Gazte Abertzaleetako Maider Karrere, LABeko Jabi Garnika eta AAMko Roberto Noval sartu ziren egoitzan, baina minutu gutxira atera ziren. «Burokraziaren tramiteak» ez zituztela behar bezala bete eta Gallizok ez zituela hartuko esan zien hango langile batek. Euskal eragileetako ordezkariek langileari azaldu zioten akordioak birritan egin duela formalki Gallizorekin biltzeko eskaera, espetxeetarako zuzendariak ez diela erantzun ere egin eta horregatik erabaki dutela zuzenean Madrilera joatea. Gallizok ordezkariak hartu ez, eta horiek gutun bat utzi zioten eskaeren berri emanez. Bilerarako eskaera formala berriz egin zuten.

Gallizori zuzenean esan ezin izan ziotena hedabideen aurrean azaldu zuten, ondoren, Matutek, Karrerek eta Garnikak. Azaldu zutenez, «gatazkari irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bideratzeko asmoak» eraman zituen eragileak Madrilera, eta «estatuko botereek espetxe gaietan daukaten jokabideagatik kezka» helarazi zioten Gallizori gutunean. «Esan diogu espetxeetan ezartzen ari den politika guztiz kaltegarria dela konponbide demokratiko bat bultzatzeari begira». Izan ere, «etengabeko zangotrabak» jartzen ari zaizkio EPPKri, gainontzeko eragileekin harremanak izateko. Eta harreman hori beharrezkoa da Euskal Herrian elkarrizketa, negoziazio eta normalizazio prozesua gara dadin.

Prozesu horretan aurrera egin nahian, Gernikako Akordioak berak EPPKrekin biltzeko eskaerei ez dietela erantzun ere egin ohartarazi dute sinatzaileek. Eta presoek prozesuan izan behar duten parte hartzea eta eztabaida bera oztopatzen ari dela Gallizo buru duen instituzioa. Horixe erakusten du, Matute eta Karrereren hitzetan, Gallizoren alboko Virgilio Valerok sinatuta espetxeetara iritsi berri den agiriak. Euskal presoen aurkako zenbait neurri zehatz agintzen ditu idazki horrek. Akordioaren sinatzaileen esanetan, «Euskal Herrian ireki den jokaleku berrian EPPK-k izan dezakeen parte hartzea saihestu eta edozein eztabaida oztopatzea» helburu duten neurriak dira guztiak. Aginduaren ondorioz, ziegak etengabe miatu eta aldatzen dizkiete, esaterako.

Baina Gernikako Akordioak ohartarazi duenez, gatazka konpon dadin «ezinbestekoa» izango da EPPK-k prozesuan parte hartze zuzena izatea. Munduko esperientziek erakusten dute gatazka politikoak gainditzeko presoek ere parte hartu behar dutela eztabaidan eta konponbidean.

Aldaketaren garrantzia

Hortaz, eragileen ustez berebiziko garrantzia du euskal presoen aurka sortutako espetxe politika goitik behera aldatzeak. «Egun darabilten espetxe politika amaitzeko eskatzen dugu, euskal preso politikoen eskubideen aurka diseinatutako politika delako, konfrontazio estrategia batetik planteatua dagoelako eta, guztiz politikoak diren legeetan oinarrituta, zigorra eta mendekua bilatzen dituelako, konponbiderako parte hartze hori eragozteaz gain».

Egoera aldatzeari begira, «guztiz beharrezko eta presazkoak» diren neurriak hartzeko ere eskatu diete espetxe politikaren arduradunei. Konponbide demokratikoaren ondorioz «preso eta iheslari politikorik gabeko egoera» lor dadin, urratsak dagoeneko egiten hasteko. Euskal preso politikoak Euskal Herrian batu eta prozesuan parte har dezatela ahalbidetzeko eskatu dute. Gaixotasun larriak dituztenak zein «bizi guztiko zigorra» ezarria dutenak berehala askatu eta 197/2006 doktrina bertan behera uzteko. Eta legeak ahalbidetzen dituen espetxe onura guztiak zein baldintzapeko askatasunak gaurdanik ezartzeko.

«Beharrezkoa da estatuak norabide honetan pausoak ematea, egun erakusten duen itxikeriatik ateratzea eta Euskal Herriak jasaten duen gatazkaren normalizazio eta konponbiderako bidean euskal gizarteak hasia duen bidea ez oztopatzea», azaldu dute.

Agerraldia amaituta, autobusean sartu dira berriz ordezkariak; Bilbon goizaldeko bostetan hasitako bidaiari arratsaldeko zazpietan eman diote amaiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.