Euskal presoak

Presoen sakabanaketa politika salatu du Gipuzkoako Aldundiak

Zortzi puntuko adierazpena argitaratu du Diputatuen Kontseiluak, politika horiek orokortu zituztela 25 urte bete direnean.

2014ko maiatzaren 20a
07:46
Entzun

Iragan ostegunean 25 urte bete ziren euskal presoei sakabanaketa politika modu orokortuan aplikatzen hasi zirenetik.  Sakabanaketa "eskubideen urraketa" dela salatu du Gipuzkoako Aldundiak, presoek etxetik ahalik eta gertuen egoteko eskubidea baitute, eta gaineratu horrek "ondorio larriak" dituela presoen osasun fisikoan eta psikologikoan. Politika horiek presoengan ez ezik, senideengan dituenak gogoratu dituzte, eta gogoratu 25 urte horietan ehundaka istripu, zauritu eta hamasei hildako izan direla.

Euskal Herrian "bakerako eta demokraziarako benetako aukera" dagoen honetan, sakabanaketa politika "kontrako norabidean" doala baieztatu dute: "Horregatik, sakabanaketa politika Euskal Herriko jendarte osoaren kontrako erasoa dela diogu, bake eta demokrazia egoera lagundu beharrean kaltetu egiten duelako".

Hona zortzi puntuak:

1. Sakabanaketa eskubide urraketa da. Izan ere, presoek etxetik ahalik eta gertuen egoteko eskubidea dute. Ez hori bakarrik: sakabanaketak ondorio larriak ditu presoen osasun fisikoan eta psikologikoan.

2. Sakabanaketa zigor gehigarria da presoen senide eta lagunentzat, astero ehunka kilometro egitera behartzen dituelako. Onartezina da familia eta lagunak zigortzea.

3. Espainiako eta Frantziako estatuen politika anker honek zerrenda beltza utzi digu 25 urteotan: ehunka istripu, zauritu asko eta heriotzak.

4. Euskal Herrian bakerako eta demokraziarako benetako aukera dugu orain. Sakabanaketa politika, ordea, kontrako norabidean doa,  sufrimendua areagotu eta gatazka luzatzen baitu.

5. Horregatik, sakabanaketa politika Euskal Herriko jendarte osoaren kontrako erasoa dela diogu, bake eta demokrazia egoera lagundu beharrean kaltetu egiten duelako.

6. Euskal presoen aurkako sakabanaketa politika lehenbailehen amai dadin eskatu nahi diegu Espainiako eta Frantziako estatuei.

7. Era berean, giza eskubideak aintzat harturik, euskal presoei ezarritako gainerako salbuespenezko neurri guztiak indarrik gabe uzteko eskatu nahi dugu: zehatz mehatz, gaixotasun larriak dituzten presoak, adinduak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak aske uzteko.

8. Gipuzkoarrei euskal presoen sakabanaketa eta haien aurkako edozein eskubide urraketa salatzen jarraitzeko dei egin nahi diegu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.