40 urtean aldarrikapena ez dela aldatu ohartarazi dute gaur Iruñean, zezen plazaren atarian eman duten prentsaurrekoan. Orduko sanferminetan presoen etxeratzea eskatu zuten zezen plazan irekitako pankarta batekin, eta gogor ekin zion poliziak, German Rodriguez tiroz hiltzeraino.
Aldarrikapenak baina, bere horretan jarraitzen duela ohartarazi dute Ikerne Indakoetxea eta Jorge Olaiz preso ohiek, Iruñerriko Kalera kalerak antolatutako prentsaurrekoan.: "Ehunka lagunek preso jarraitzen dute beren etxeetatik ehunka kilometrotara, eta haien senitarteko eta lagunak behartuta daude milaka kilometro egitera haiek bisitatzeko". Funtsean aldarrikapena mantendu egin den arren, 40 urtean herritar gehiagorengana zabaldu dela uste dute: "Iruñeko eta Nafarroa osoko kaleetan preso eta errefuxiatuak etxeratzeko borroka etengabe zabaldu da".
Urte horietan guztietan egoera asko aldatu dela ekarri dute gogora Iruñerriko Kalera kalera mugimenduko kideek, eta gogora ekarri dute ETA deseginda dagoela jada. Beraz, presoen gaia konpontzeak lehentasuna duela uste dute, eta horregaitik, kalera ateratzeko deia egin dute, uztailaren 4an 19:00etan autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioan parte hartzekoa.