Hondakinak

Prest da tratamendu mekaniko-biologikorako Bizkaiko planta

Bi aste barru jarriko du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko hondakin guztiek tratamendua jaso dezaten.

Berria.info
2013ko otsailaren 18a
18:26
Entzun

Bizkaiko 180.000 tona hiri hondakin jaso, bereizi eta tratatuko ditu, urtero, TMB tratamendu mekaniko-biologikorako plantak. Bi aste inguru barru martxan jarriko dute; handik aurrera lurraldeko hondakin guztiak tratatu egingo dituzte, zabortegira edo errauste plantara bidali aurretik. 43 milioi euroko inbertsioa egin du diputazioak.

Bilboko Arraiz mendian dago TMB planta, Zabalgarbi errauste plantaren, Konpostegiaren eta Artigasko zabortegiaren ondoan; Hondakinak Kudeatzeko Ekoparkea deitu diote azpiegitura multzoari.

TMB plantan sartuko diren hondakinen erdiak erraustu egingo dituzte. Bizkaiko edukiontzi berdeetan (errefusarenak) jasotako 180.000 tona zabor nahasi iritsiko dira bertara. Horietako 94.000 tona hondakin organikoa izango dira; lehortu ostean, bioegonkortutako 43.000 tona zabor geratuko dira —gainerakoa urtu egiten baita—, eta hori Zabalgarbira eramango dute, erraustera.

Hondakin ez-organikoen artean, berriz, ia 58.000 tona erregai gisa erabiliko dituzte, porlan fabriketan. Horiez aparte, 13.000 tona baino ez dira birziklatuko, aprobetxatu ezinda zabortegira bidaliko dena (15.000 tona) baino gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.