GIZARTEA

'Prestige auziko' fiskalak lau mila milioiko kalteordaina eskatu du

Santiagoko unibertsitateko irakasle batzuen txosten batean oinarrituta igo egin du kopurua. Gaur hasi da epaiketa, Coruñan.

2012ko urriaren 16a
17:10
Entzun

Prestige ontzia hondoratzeagatik hondamendia gertatu zenetik hamar urtera ekin diote auziko epaiketari, gaur, Coruñan (Galizia), eta Alvaro Garcia Ortiz fiskalak 4.121 milioi euro eskatu ditu kalteordain gisa. Hasieran batean 2.233 milioiko kalteordaina zen eskatzekoa, baina Santiago Compostelako unibertsitateko irakasle batzuen txosten batean oinarrituta igo egin du kopurua.

Irakasleen lanaren arabera, Prestige-ren hondoratzeak Espainiako Estatuan 3.862,42 milioi euroko kaltea eragin zuen. "Ingurumen kalteei buruz mundu mailan egindako txostenik osoenetakoa" dela esan du fiskalak. Unibertsitateko kideek diote, batez ere arrantza arloak pairatu zuela gehien.

2002ko azaroaren 13an gertatu zen istripua, Galiziako kostan, eta sei egun geroago hondoratu zen ontziak 77.000 tona erregai isuri zituen, Letoniatik Gibraltarrerako bidea ari zen egiten. Hurrengo egunetan ezbeharra arazo ekologiko bihurtu zen, marea beltza zabaldu egin baitzen. Corcuviongo epaitegiak hartu zuen bere gain ikerketa, eta zazpi urteren buruan 250.000 folioko txostena idatzi zuen. Ondoren heldu ziren helegiteak. Gaur hasi da epaiketa, eta zazpi hilabete iraungo du.

Lau akusatu daude. Fiskaltzak lau eta hamabi urte arteko espetxe zigorra eskatuko du haientzat.

Epaiketan 2.128 lagun daude deituta, 133 lekuko izango dira, 98 peritu, 51 abokatu eta 21 prokuratzaile.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.