Prezioak %1,4 garestitu dira urrian Hegoaldean, inflazioa %3,6raino igoz

Erredakzioa
2007ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Herritarrek aspaldi igarri zutena datu bidez konfirmatu zuen atzo INE estatistika institutuak: prezioak %1,4 garestitu dira urrian Hego Euskal Herrian. Jakiak eta erregaiak garestitu dira bereziki, eta inflazioa %3,6raino eraman dute.

Petrolioaren prezioak izandako bilakaerak eragin berezia egin dio inflazioari. Urre beltzaren prezioak behin eta berriz jo du goia urrian, eta hori nabarmen eragin dio inflazioari. Nekazaritza produktuek izandako garestitzeak ere eragin zuzena izan du.

Araba izan da urtebetean prezioak gehien garestitu diren lurraldea: %3,8 garestitu dira. Bizkaian, berriz, %3,6 igo dira, Gipuzkoan %3,5, eta Nafarroan %3,4.

Kezkagarria iruditu zaio datua ELAri. Europako Batasunak ezarritako %2ko mugaren «oso gainetik» dagoela nabarmendu du, eta soldata igoerak KPIren araberakoak izan behar dutela ohartarazi.INEk KPI harmonizatua ematen hasi zenetik (1997) izandako igoera handiena dela gogorarazi du.

Kezkatuta agertu dira enpresaburuak ere. Confebask EAEko patronalaren ustez, inflazio «hain altu egoteak euskal enpresen lehiakortasuna mugatzen dute». Izan ere, inflazioaz gain, industriako lehengaien kostuaren garestitzeak eta euroaren indartzeak ere «kalte» egingo dietelakoan dira enpresaburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.