OSASUNA

Pribatizatutako zerbitzuak publiko bihurtzea aztertzen hasi da Osasunbidea

Abortuak sare publikoan egingo dituztela berretsi du Dominguez kontseilariak. Itxarote zerrendak "eskandalagarritzat" jo ditu, eta plan bat iragarri du.

Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilaria, Maria Solana Parlamentuko batzorde buruarekin. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko irailaren 15a
07:55
Entzun

Agintaldiko ildoak aurkezten izan da Nafarroako Parlamentuan Fernando Dominguez Osasun kontseilaria. Azaldu du azken asteetan azterketa bat egin dutela Nafarroako osasun sitema publikoa nola dagoen, eta horren arabera hasiak direla neurriak zehazten.

Osasun sistema publikoa ahuldu egin da azken urteetan, kontseilariaren esanetan. Horren oinarrian azken urteetako gobernuaren jarduna aipatu du, Osasunbidean sortu diren arazo batzuk zerrendatuta. Neurrien artean, honako hauek iragarri ditu, besteak beste:

1. Pribatizazioak. Alor publikoak “lehentasuna” izango du Osasun Departamentuan, eta kontseilariak hitzeman du pribatizaziorik ez dutela egingo agintaldian. Areago, aurreko urteetan egindako pribatizazio batzuk —sukalde zerbitzua, adibidez— atzera botatzea ari da aztertzen Osasunbidea. Azterketa “teknikoak, ekonomikoak eta juridikoak” egiten ari dira, eta ondoren hartuko dute erabakia. Klinika pribatuekin egindako itunak ere berrikusiko dituzte.

2. Itxarote zerrendak. Egoera “eskandalagarria” da, kontseilariaren arabera: 50.000 herritar baino gehiago daude osasun zerbitzua jasotzeko zain, eta batez beste 54 eguneko itxaronaldia dute. 2011tik ia bikoiztu egin da kopurua. Hori bideratzeko plan bat prestatuko dute. Pazienteak “erdigunean” jartzea izango da ardatza, eta, besteak beste, prebentzioa landu nahi dute, eta gaixoak “adoretzea”.

3. Abortua. Akordio programatikoari jarraituz, abortuak sare publikoan egingo dituztela baieztatu du Dominguezek. Ez du epe zehatzik aipatu. Emakumeei kasu egiteko bulegoak, aurrerantzean, familiei kasu egitekoak izango dira; hor bideratuko dute, besteak beste, haurdunaldia etetea. Bestalde, lagundutako ernalkuntza emango diete “egoera zibil eta sexu joera guztietako herritarrei”; hots, bikotekiderik ez dutenek eta lesbianek ere izango dute zerbitzu hori.

4. Euskara. Plantillaren azterketa egingo dute, eta “zirkuitu elebidunak” sortzea da asmoa, zerbitzua euskaraz jaso nahi duten pazienteei hala eman ahal izateko.

5. Aurrekontua. “Arrazoizko igoera bat” espero du kontseilariak, jarritako helburuak betetzeko. Horretarako, kontseilariak txosten bat aurkeztuko dio gobernuari, oraingo egoera zein den azaltzeko eta datozen lau urteetarako aurreikuspenak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.