«Pribatizazioen» aurka

Sindikatuek eutsi egin diote erietxeetako sukaldeetako biharko grebari, ezin bat etorri Osasunbidearekin

Osasunbideko langileak Nafarroako Gobernuaren jarreraren kontra kalean, lehengo astean. LANDER F. ARROIABE / ARP.
Ander Perez Argote
Iruñea
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
LAB, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek Elena Navascues Osasunbideko Giza Baliabideetako zuzendariarekin bilera egitea lortu zuten atzo, itxialdi bat egin ostean. 11:00 aldera sartu ziren hiru sindikatuetako hamazazpi kide Osasunbideko zerbitzu zentralen eraikinean —Iruñeko Irunlarrea kalean—, Nafarroako Gobernuak bultzaturiko sukalde zerbitzuetako «pribatizazioa» salatzeko. Foruzaingoaren hiru ibilgailu iritsi ziren orduan, langileak eraikinetik kaleratzeko asmoz. Langileek, ordea, euren kasara kalera ateratzea erabaki zuten, zuzendaritzak langileen hiru ordezkarirekin —sindikatu bakoitzeko bana— batzartzea onartu baitzuen. Bilkura, edonola ere, polizia inguruan zutela egin behar izan zuten David Mendaza (LAB), Imanol Pascual (ELA) eta Carmen Pueyo (CCOO) langileen ordezkariek. Bitartean, kalera ateratako ordezkari sindikalek elkarretaratzea egin zuten, Murrizketei ez lelopean.

Sindikatuek sukalde zerbitzuak pribatizatzeko asmoan atzera egin dezan exijitu diote Osasunbideko zuzendaritzari. Nafarroako Gobernuak pribatizazioa justifikatzeko erabilitako txostena ere eskatu zioten atzoko bilkuran Navascuesi. Txosten horren arabera, Nafarroako Gobernuak 3,5 miloi euro aurreztuko lituzke sukalde zerbitzuak enpresa pribatuen esku utzita. Mendazak salatu duenez, ordea, zuzendaritzak ez zien eman txostenaren inguruko inolako argibiderik sindikatuko kideei. Hala, agiria existitzen ote den ere zalantzan jarri dute sindikatuetako ordezkariek.

Grebarako asmoa, indartua

Mendazaren ustez, Osasunbideko zuzendaritzaren jokaera «arduragabeak» —ustezko txostena ez aurkezteak, hain justu— erakusten du asmoa ez dela «aurreztea». Nafarroako Gobernuaren erabakia «aukera politiko hutsa» dela eta «interes eta enpresa pribatuei» erantzuten diela salatu du; alegia, uste du enpresa horiek osasungintzaren arloan «merkatu kuota berri bat» eskuratzea dela erabakiaren atzeko xedea.

Mendazaren aburuz, Nafarroako Gobernuaren jarrerak «indartu» egiten du sindikatuek Osasunbideko sukalde zerbitzuetarako biharko deitutako grebarako deia. Izan ere, dioenez, jokaera horrek erakutsi du ez dagoela «aitzakiarik» Osasunbideko zerbitzu hori pribatizatzeko. Hala, sukaldeetako langileei deia egin die biharko greban parte hartzera. Era berean, sindikatuek Osasunbideko langile guztiak deitu dituzte sukaldeetako kideei elkartasuna emateko izanen den manifestazioan parte hartzera. Martxa 11:00etan abiatuko da, Osasunbideko Vianako Printzea eraikinetik. Greba egunaren ostean erabakiko dute sindikatuek, baztarrak eginez, protestekin aurrera jarraitzeko asmoa duten. Mendaza, edonola ere, «pozik» agertu da orain arte izandako mobilizazioen erantzunarekin.

Bestetik, Nafarroako Parlamentuko eledunen batzordeak aho batez eskatu zion atzo Nafarroako Kontu Ganberari Osasunbideko sukalde zerbitzuen eta horien pribatizazioaren inguruko txostena egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.