Xabier Olano Gipuzkoako EH Bilduko ahaldungai nagusiak azpimarratu du foru hauteskundeetako programa herritarrekin eta eragileekin batera osatu dutela. "Hori da programa honen balio erantsi nagusia", adierazi du Donostian, koalizioaren EHBilgune berriaren irekieran. "Hau ez da lau adituren artean bulego itxi batean egindako plan bat. Dokumentua, eta bertan agertzen diren neurriak, herritarren nahiak eta beharrak asetzeko pentsatuta daude. Gipuzkoar guztiak garaile bihurtzen dituen programa osatu dugu denon artean".
Bilduk lau urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundian "marraztutako bidea da hurrengo legealdirako abiapuntua", Xabier Olanok esan duenez, "hark jarraipena izan dezan" berriro gobernuan badira. "Eta eskas edo eznahiko direnak, eta baita gaizki edo egin gabe utzi duguna ere zuzentzeko konpromiso sendoak harilkatu ditugu".
EH Bilduk foru programan 250 neurri berri jaso ditu, hamasei arlotan banatuta. Besteren artean, nabarmendu du ez duela murrizketa sozialik egingo; tokiko garapena oinarri hartuta, "enplegu duina bermatu" egin nahi du;
fiskalitatean, "gehien duenak gehiago ordaindu" beharko du EH Bildu gobernuan bada; baliabide publikoak "beharrezko gaietara" bideratzeko konpromisoa agertu du; eta lehentasunezko beste lan eremu bat euskarari buruzkoa izango da, "orain arteko bideari jarraiki".