Donostialdeko hamazazpi gaztek «proiektu politiko guztiak askatasunez» gauzatzeko eskubidea exijitu dute, baita independentziaren aldeko proiektua garatzekoa ere. Izan ere, haien iritziz, proiektu politikoak eta lan politikoa «kriminalizatu» egiten dira erakunde politikoak «legez kanpo» utziz. Segiren kasua hori dela adierazi dute.
Poliziak gazteen aurkako sarekada bat egin zuen 2007. urtean, Segiko kide izatea leporatuta, eta Donostialdeko hamazazpi gazte horiek polizia operazio horren barruan atxilotu zituzten. 2010ean,epaiketa egin zieten Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta hamazazpi gazteetatik hamabosti sei urteko kartzela zigorra ezarri zieten.
Defentsak, baina, helegitea jarri zuen epai horren aurka, eta, hori hala, Espainiako Auzitegi Gorena gaur hasiko da helegiteak aztertzen. Oier Lorente eta Nahikari Otaegi gazte auzipetuen esanetan, «edozein unetan atxilotzeko eta kartzelatzeko arriskua» dute gazteek Auzitegi Gorena helegiteak aztertzen hasi delako.
Hori dela eta, dauden egoera gaitzetsi dute gazteek, eta beren kontrako epaiketa «errepresio eta testuinguru orokor batean» kokatu behar dela azaldu dute. Gainera, gazte independentisten lana «eragozteko» Auzitegi Nazionalak «neurri bereziak» erabiltzen dituela salatu dute.
Era berean, adierazi dute independentziaren aldeko proiektu politikoa «urratzeko» eta egiten duten lan politikoa «zigortzeko», atxilotuak auzipetu egiten dituztela. Gainera, esan dute lan politikoa egiten duten pertsonek «tratu txarrak» jasaten dituztela, eta hori amai dadila exijitu dute.
Horretaz gain, gazte horiek beren atxikimendua adierazi diete epaitzear dauden Iruñerriko gazteei, eta Iruñean urriaren 1ean egingo den manifestazioan parte hartzeko eskatu dute, baita datozen hilabeteetan Donostian egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko ere.
«Proiektu politiko guztiak» garatzeko eskubidea exijitu dute Donostiako 17 gaztek
Gazteei ezarritako zigorraren aurkako helegiteak aztertzen hasiko da Espainiako Auzitegi Gorena gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu