Lurraren kudeaketa

Prokuradoreak eskatutakoak baino zigor gogorragoak jarri ditu epaileak 'Kako auzian'

Fred Larrañaga Kako etxaldea aurrera ateratzen ari den baserritarrari jarri dio zigorrik gogorrena: lau hilabeteko espetxe zigor baldintzapekoa, 3.750 euroko isuna eta beste 600ren ordainketa epaiketa gastuetarako. Etxeto eta Aizagerri bi hilabeteko espetxe zigor baldintzatua ezarri die. Beste hiru auzipetuei, 500-600 euro arteko isunak. Bihar ELBrekin bilkura egingo dute, helegieta jarri edo ez erabakitzeko.

2008ko martxoaren 13a
18:24
Entzun
Oro har, prokuradoreak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarri ditu Baionako auzitegiko epaileak Kako auzian. Bi hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra izan zen prokuradoreak egin zuen eskaerarik handiena, eta lau hilabetera zigortu du epaileak Fred Larrañaga sei auzipetuetako bat; zehazki, auziaren muinean dagoen Ainharbeko (Zuberoa) Kako etxaldea aurrera ateratzen ari den laborari bikoteko kideetako bat.

Lau hilabeteko baldintzapeko espetxe zigorra jarri dio epaileak Larrañagari, eta, horrez gain, 3.750 euroko isuna bi jendarme kolpatzeagatik (2.500 baten kasuan, 1.250 bestearenean). Halaber, 600 euro ordainaraziko dizkiote epaiketa gastuengatik. Prokuradoreak, aldiz, 1.800 euroko isuna eta ordaindu ezean 90 eguneko espetxealdia galdegin zuen.

Gainerako zigorrak honakoak izan dira:

Beñat Etxeto: bi hilabeteko espetxe zigorra baldintzapean, 1.250 euroko isuna jendarme bat kolpatzeagatik eta 600 euroren ordainketa epaiketa gastuetarako. 1.800 euroko isuna eta ordaindu ezean 90 eguneko espetxealdia eskatu zuen prokuradoreak.

Jean Mixel Aizagerre: Bi hilabeteko espetxe zigorra baldintzapean. 1.200 euroko isuna eskatu zuen prokuradoreak eta ordaindu ezean 60 eguneko espetxe zigorra.

Virginie Brunet: 600 euroko isuna. Prokuradoreak bi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen jendarme bati ostikada bat emateagatik.

Frantxua Hirigoien: 500 euroko isuna. 600ekoa eskatu zuen prokuradoreak.

Mixel Dunat: 500 euroko isuna. 500ekoa eskatu zuen prokuradoreak.

Azken hiruren kasuan epaileak zertxobait arindu du prokuradorearen eskaera.

Kako etxaldearen segida eta lurraren kudeaketa dago auziaren muinean. Fred Larrañaga eta Yasmine haren bikotekidea arduratu dira azken urteetan baserri hori aurrera ateratzeaz, maizter moduan. Salmentan jarri zutenean, etxaldea erosteko dirua bildu zuten maizterrek Lurra elkartearen laguntzaz, hartara lur horietan nekazaritza eredu iraunkor batek segida izan zezan. Safer erakundea arduratzen da laborari lurren salmentak erabakitzeaz, eta Larrañagatarren eskaintzari muzin eginda, beste laborari bati eman zioten.

Horren kontra protestatzeko elkarretaratzea egin zuten Donapaleun (Nafarroa Beherea) Safer erakundearen atarian, eta protesta horren harira, istiluak izan ziren manifestarien eta jendarmeen artean. Istilu horiengatik atxilotu eta epaitu zituzten sei lagun horiek, jendarmeei eraso egitea egotzita.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ere esku hartu zuen, nolabait, auzian. Izan ere, Pauen (Frantzia) egin zuen ekitaldi batean Donapaleuko elkarretaratzean izan ziren nekazariei "terrorista" eta "arrazista" izatea egotzi zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.