Patxi Lopezen proposamena «pauso bat» dela adierazi du Etxerat-ek, baina «berandu iritsi» dela eta «gizartearen eskakizunetatik urrun» dagoela salatu du. Hori hala, proposamena «zehazteko» eskatu dio Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. «Azken hilabeteetan milaka eta milaka lagun mobilizatu dira euskal preso politikoen eskubideen alde eta eskatu dute sakabanaketa amaitzeko, bizi guztiko zigorra ahalbidetzen duen Parot doktrina amaiatzeko, gaixorik dauden presoak aske uzteko eta espetxeetan egiten diren erasoak amaitzeko», gogoratu du Etxerat-ek, prentsa ohar baten bidez. Era berean, salatu du Lopezek ez duela kontuan hartu «espetxe politikak eragindako sufrimendua» eta ez duela egin presoen «oinarrizko eskubideei» buruzko aipamenik ere.
«Ausarta» izateko eta «euskal gizartearen eskakizunei» erantzuteko deia egin dio Etxerat-ek Lopezi. «Espetxe politika hau amaitzeko ausardia eta ikuspegi zabala izateko eskatzen diogu, orain arte erakutsi ez dituen bertuteak».
Atzokoa hilabeteko azken ostirala zela eta, euskal presoen eskubideen alde mobilizazioak egin zituzten hainbat herritan, Egin Dezagun Bidea taldeak antolatuta. Esate baterako, 231 lagun batu ziren Ondarroan egin zuten manifestazioan, 160 lagun bildu ziren Zarautzen, 140 Azpeitiko plazako elkarretaratzean, 117 Usurbilen, 31 Getarian, 25 Irurtzunen, 75 Berriozarren, 51 Arrigorriagan, 40 Bakion eta 17 Zaratamon.
Proposamena zehazteko eskatu dio Etxerat-ek
«Ausarta» izateko eskatu dio Lopezi, eta euskal presoen «eskubide guztiak» aintzat hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu