Ibarretxe planaren aurkezpena Eusko Legebiltzarrean

Proposamenarekin bi muturreko estrategiak mugiaraztea espero du Egibarrek

PPko bozeramaile Jaime Mayor Orejari Euskal Herririk ba ote den galdetu dio Joseba Egibar EAJko eledunak: "Ez duzu sekula Euskadi hitza erabili; are gutxiago Euskal Herria hitza. Baina, ukaezina da historia duen herri bat garela, eta herri honen historia ez zen hasi 1979an autonomien estatutuarekin, askoz lehenago baizik". Ibarretxeren proposamenarekin "joskera saiakera bat egin" dutela azpimarratu du.

2003ko irailaren 26a
19:51
Entzun
Euskal Herriko gatazka politikoaren aurrean hiru etrategia nagusi daude, Egibarren ustez: "Lehena, ETA eta haren indarkeriazko jarrera da. Bigarrena, Espainiako Gobernuak azkenaldian daramana. Espainiako Gobernuak ez du bake prozesurik nahi, gatazka areagotzea eta ETAk jarraitzea nahi du. Eta bi estrategia horien artena dago euskal gizartearen gehiengoa eta baita hirukoa ere. Gu erdiko bidetik goaz, eta hor sartzen da Ibarretxeren proposamena ere. Bi muturreko estrategiak mugiaraziko ditugula espero dut".

Espainiako Gobernua "inboluzio demokratikoa" sustatzen ari dela nabarmendu du egibarrek: "Noski, beraien helburua ez baita herri honen normalizazioa, abertzaletasunaren jazarpena baizik. Iia delitu bilakatu dute euskararen eta euskal kulturaren alde egitea. Eta delitu bihurtu dute ia eraikuntza nazionalaren alde egitea ere. Ondorioz, euskaldun izatea bera ia delitu da. Mutur horretara iristen ari dira".

"Giza eskubideen aldeko apostua eginez, eta baldintzarik gabeko eztabaidaz, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea bultzatu behar da", Egibarren aburuz: "Euskal Herriaren borondatea Espainia eta Frantziaren borondatean urtzea ez da demokratikoa".

Ezker abertzaleari hartu beharreko erabakiak lehenbailehen hartzeko eskatu dio Egibarrek: "Ez dugu erritmo eta baldintzarik jarri nahi, baina eztabaida abian dago, eta herriak aurrera egiten du. Euskal arazoaren gakoa ez baita ezker-abertzalea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.