Ikasturtea bukatu bezala hasi da Nafarroako Hezkuntza Kontseiluarentzat. Protesta artean. Lehen bilera egin zuten erakunde horretako kideek atzo, Iruñeko Irunlarrea karrikako egoitza barruan, kanpoko aldean sindikatuek, guraso elkarteek eta ikasleek elkarretaratzea egiten zuten bitartean. Bileran izan zen Jose Iribas, Nafarroako Hezkuntza kontseilaria, baina protesta hasi baino lehen sartu zen Hezkuntza Kontseiluaren egoitzara. Ez zuen pasatu behar izan elkarretaratzean parte hartzen ari zirenen aurretik.
Hezkuntzako sindikatuek, Herrikoa eta Sortzen-Ikasbatuaz guraso elkarteek eta Eraldatu, Ikasle Abertzaleak eta NUPeko Ikasle Batzordea ikasle taldeek deitu zuten protestara. Oihukatu zituzten leloen bidez, Iribasen lana jarri zuten, batez ere, zalantzan. Gezurretan ari dela nabarmendu, eta haren dimisioa eskatu zuten, hezkuntza publikoaren kalitatea eskastu eta esparru horretako lan baldintzak kaskartzeagatik. Horixe nabarmendu zuen LABeko Expe Iriartek, pankartaren atzetik: «Bi urtean 600 lanpostu galdu dira; aurrekontua murriztu eta gela bakoitzeko ikasle kopurua handitu dute. Egoera horretanezinezkoa da kalitateari eustea».
Sindikatuen hitzetan, duela urtebetetik ez dute kontseilariarekin aurrez aurre hitz egiteko aukerarik izan. Atzoko bileran parte hartuko zuela jakinda, protesta egiteko profitatu zuten egoera, baina Iribasekin ezin izan zuten hitz egin. «Hezkuntza komunitateko kideen aurrera agertzeko etorri naiz hona», erran zuen kontseilariak egoitza barruan, Hezkuntza Kontseiluaren lehen bilera hasi baino lehen.
Iribasek, hain zuzen ere, irakaskuntzaren kalitatea izan zuen mintzagai kazetarien aurrean, eta helburu nagusia hezkuntza publikoaren kalitatea bermatzea dela erran zuen. Sindikatuek irudikatutako baldintzetan helburu hori bete ahal den galdetu, eta Hezkuntza Departamentua «lanerako ilusioz eta gogoz» dagoela erantzun zuen kontseilariak. «Ikastetxe bakoitzaren egoera aztertzen ari gara, bakoitzak dituen beharrak zehaztu ahal izateko», gaineratu zuen. Iribasen hitzetan, «ikuspuntu alderdikoiaren ondorio» dira sindikatuen kritikak.
Lanerako gogoa bai, baina murrizketek irakaskuntza publikoaren aurrekontuan izan duten eragina ez zuen aipatu Iribasek. Sindikatuen arabera, %15 jaitsi da aurrekontu hori azken boladan. «Azken bi urteotako murrizketa 100 milioi eurokoa da jada; 680 milioi eurokoa zen aurrekontu hori 2010ean, eta 580 milioikoa izanen da 2013an».
«Kolpe ideologikoa»
Murrizketek irakaskuntzaren esparru guztietan dute eragina. Horixe nabarmendu zuen EILASeko ordezkari Amaia Zubietak atzo: «Irakasleen trebakuntzarako sistema hutsean utzi dute», nabarmendu zuen.
Ez hori bakarrik. Murrizketen bidez Nafarroako Gobernuak «kolpe ideologikoa» eman duela gaineratu zuen LABeko kide Expe Iriartek. «Gizartea bere interesen arabera antolatu nahi du gobernuak. Zerbitzuak liberalizatu nahi dituztela diote, baina horren atzean pribatizazio hutsa dago», adierazi zuen Iriartek. Halaber, gobernuak irakaskuntza publikoa ito baina Opus Deik Nafarroan dituen ikastetxeei «mesede» egiten diela ohartarazi zuen.
Murrizketei eta zerbitzu publikoen suntsitzeari gizarte osoak erantzun behar diela nabarmendu zuen Expe Iriartek, eta mobilizatzera deitu zituen herritarrak.
Protesta artean egin du lehen bilera Nafarroako Hezkuntza Kontseiluak
Sindikatu, guraso eta ikasleek elkarretaratzea egin dute, baina Jose Iribas kontseilaria ez da haien aurrera agertu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu