Benjamin Griveaux Frantziako Gobernuaren bozeramailea Donibane Lohizunen (Lapurdi) izan da arratsean, eta protestak eragin ditu haren etorrerak. Jaka horien mugimenduak eta Seaskak elkarretaratzeak egin dituzte Duconteni parkearen aurrean. Kasu, ikastola kexu leloa zeraman pankartaren atzean bildu dira ikastolen mugimendukoak. Izan ere, iaz baino 230 ikasle gehiago dituzte aurten, eta Seaskak dio 25 irakasle behar dituela gorakada horri erantzuteko; Frantziako Hezkuntza Ministerioak, berriz, bost postu eta erdi eman zizkion, eskatutakoen laurdenak ere ez.
Irailean egin zuten bilkura Bordeleko Akademiako arduradunek, baina ezezkoa eman zien berriz estatuak. Hargatik, protestak gogortu dituzte geroztik. Aurrez, maiatzean, manifestazioa ere egin zuten Baionan 7.000 lagunek.
Ia 900.000 euro, beharrean diren ikastolentzat
Hernanin, bestalde, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia egin dute, premiarik handiena duten ikastolei zer laguntza eman erabakitzeko. Denera, 872.000 euro banatu dituzte bederatzi ikastolen artean. Horien artean, Larzabaleko eta Kanboko ikastolei ere eman diete zati bat —200.000 euro eta 46.272 euro, hurrenez hurren—. "Sortze fasean, garapen fasean edota krisian den ikastolak aurrera egin dezan, gainerako ikastolek egiten dugun elkartasun adierazpena da Elkartasun Kutxa", azaldu du Elkartasun Ikastoleko lehendakari Koldo Tellituk: "Urtero, 800.000 eurotik gora jartzen dituzte ikastola guztiek, eta diru hori banatzen dute euren artetik gehien behar duten ikastolen artean".