Jendetza elkartu zen atzo arratsaldean Azpeitian, Jazarpen polizialik ez! Burgesiaren erasoaldia gelditu lelopean. Larunbat gauean Ertzaintzak kalean jai giroan zeuden gazteen aurka kargatu izana eta lau gazte atxilotu izana salatu zuten. 19 urteko, 18 urteko, 15 urteko eta 14 urteko gazteak eraman zituzten atxilo, desordena publikoa egotzita.
Protestaren antolatzaileek salatu zutenez, Ertzaintzak erabili zuen indarkeria «aurrez kalkulatutakoa» izan zen. Azaldu zutenez, gazte kuadrilla bati «mehatxua» egin zien poliziak, eta larunbat arratsaldean Ertzaintzaren istiluen aurkako taldeak zeuden herriko hainbat lekutan.
Atzo arratsaldeko protesta, Azpeitian.GEDAR
Ertzainek «muturreko biolentzia» erabili zutela adierazi zuten. Besteak beste, apar balak erabili zituztela salatu zuten. «COVID-19aren pandemiaren harira, politikariek polizia baliabideak handitu dituzte, eta sektore sozial desberdinen aurkako eraso eta kriminalizazio saiakerak handitu dituzte».
Ernaik eta EH Bilduk ere salatu zuten larunbatekoa «aurrez antolatutako polizia dispositiboa» izan zela. «Pandemia egoeran urtebete pasa daramagu jada, eta oraindik ez dira gai izan egoerari adarretatik eusteko. Aginpide guztia Espainiar Estatuari utzi eta hark esandakoei men egitera mugatu da Eusko Jaurlaritza. Hala, ez du pauso bakar bat ere eman herritarren egoera honi aurre egiteko baliabideak eskaintzeko garaian», irakur daiteke Ernairen oharrean. «Utzi gazteak jipoitzeari eta har itzazue behingoz geure bizi baldintzak hobetzeko neurriak, poltsikoei begirako politikak egin beharrean herriarentzako egin ezazue lan».
Ertzaintzaren esku hartzea erabat lekuz kanpokoa eta «neurrigabea» izan zela salatu du Bilduk, eta polizia eredua aldatzeko beharra agerian uzten duela.
Azpeitiko EAJk, ordea, Ertzaintza naiz Udaltzaingoa babestu zituen, «bizikidetza arauak betearazteko» eginiko lanarengatik.
Istiluak izan ziren larunbat gauean Azpeitian (Gipuzkoa). Gauerdiak jota, hainbat gazte zeuden bilduta Izarraizko Atea parkearen inguruan, eta, uztarria.eus hedabidearen arabera, Ertzaintza iritsitakoan hasi ziren tirabirak. Poliziak jakinarazi du lau lagun atxilotu zituela, haietako bi adin txikikoak (14 eta 15 urteko bi mutil), eta hiru agente zauritu zituztela. Atxilotuak aske daude jada.
Ertzaintzak azaldu duenez, poliziek defentsak erabili behar izan zituzten lekua hustutzeko, eta, besteak beste, foam jaurtigaiak baliatu zituzten gazteak sakabanatzeko. Haien arabera, 300-400 gazte artean zeuden han, «kale zurrutean, musika ozen jarrita eta suziriak piztuta».
Ertzaintzaren hainbat ibilgailu ibili ziren Azpeitian, eta irudiak zabaldu dira sare sozialetan.
#Azpeitia
— Urola Erdiko GKS (@GKS_UrolaErdia) May 23, 2021
Gogor salatzen dugu bart Izarraizpeko atean gazteon kontra izan zen biolentzia poliziala eta atxilotutako pertsonen berehalako askatasuna exijitzen dugu! pic.twitter.com/LXYF0oVBAw
ð;ÂÂ;ŸÂ”´Gogor salatze deu atzo ertzañek gaztiekiko euki zeben jarrera bortitze eta desproportzionala eta atxilotuen berehalako askatasune exijitze deu. Gaztiok ez gea kriminalak. Adi mobilizaziyuei!!!!
— Azpeitiko Ernai (@ErnaiAzpeitia) May 23, 2021