Hogei egun daramatzate gose greban Sevilla II espetxean dauden euskal presoek, bertan bizi duten tratua eta baldintza kaskarrak salatzeko, eta elkartasuna adieraztera eta berotasuna ematera joan dira ehun bat lagun Euskal Herritik. Martxa zaratasua egin dute espetxe aurrean, presoek entzun dezaten han gertatu dena, eta Poliziak hara gerturatu diren guztiak identifikarazi ditu.
Presoen egoera zailagoa egiten ari da egunez egun. Urtzi Paulek joan den asteazkenean utzi egin behar izan zuen greba. "Haserre, triste, amorru handiz, gose greba uztea erabaki du". Hala kontatu dute Urtzi Paulen senideek presoaren erabakia. Hala ere, protestan jarraitzen du Paulek, eta itxialdian da atzotik, beste bi kide bezala. Hamar euskal presok jarraitzen dute orain gose greban.