Fiskalak eskatu du bosna hilabeteko espetxe zigorra eta bi urtez epaiketetako bistetara publiko gisa joateko debekua, eta auzipetuen defentsek denen absoluzioa, “eragozpena ez zelako larria izan eta ez dagoelako frogarik”. Gaur hasi eta amaitu da epaiketa, eta epaiaren zain geratu dira auzipetuak.
Topatu.info webguneak epaitegitik egin duen kronikaren arabera, auzipetuek deklaratu dute lehenengo eta adierazi dute euren aurkako beste epaiketan egin zuten “herri harresia” protesta sinboliko gisa egin zutela. Han publiko gisa zeudenek, berriz, azaldu dute epaiketa hartan ez zutela txalotu eta ezer ez zekitela protestari buruz.
Epaiketa hartan akusazioa ordezkatzen zuen AVT elkarteko abokatu batek hitz egin du, lekuko gisa. Topatu.info-ren arabera, esan du publikoko jendeak oihu egin zuela eta uste duela haietako batzuk aulkietara igo zirela. Epaiketaren unean aretoan zeuden bi poliziek ere eman dute euren lekukotza: azaldu dute publikoa pixkat bat tiratu ondoren pertsona horiek euren kabuz irten zirela arteorik.
2015eko maiatzean Ernai gazte antolakundeko zortzi kide epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2013ko Gazte DanbadanXabier Lopez Peña hil berri zen presoa gogoratzeagatik “terrorismoa goratzea” leporatuta.
Epaiketa hura baino egun gutxi lehenago, Segi legez kanporatutako gazte erakundeko kide izatea egotzita, Auzitegi Nazionalak agindu zuen aurretik epaitutako zazpi gazte espetxeratzeko, eta horiekin elkartasunez, protesta egin zuten Ernaikoek euren aurkako epaiketan: deklarazioaren erdian zutitu eta espetxeratuen aurpegiak zituzten kamiseta laranjekin “euskal gazteria aurrera” oihukatu zuten eta, epaimahaiari bizkarra emanda, “herri harresi” bat irudikatu zuten.
Angela Murillo epaimahaiburuak jakinarazi zien “desordenagatik” diligentziak irekiko zizkiela, bai auzipetuei eta baita haiei babesa agertu zieten publikoko kideei ere. Cosladako epaitegiak eraman du aurrera instrukzioa eta Alcala de Henaresekoan egin da epaiketa.