Ellande Alfaro. Eragilea Saran

«Prozedurak sinesgarritasuna ematen dio hortik aterako den xedeari»

Inkesta herrietara eramateko, kantonamenduka antolatu dira, eta dagoeneko dinamika abiatzeko prest dira Saran. Ellande Alfarok parte hartzen du dinamika horretan.

A.Renteria
Baiona
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Inkesta banatu aitzin lan luzea burutu da isilpean, bai Ipar Euskal Herri mailan, bai kantonamendu eta herrietan. Alfarok parte hartu du Sara (Lapurdi) mailan zabaldu den dinamikan, eta tokiko esperientziatik abiaturik, Euskal Herri osorako eredua edo bederen hausnarketa bidea izan daitekeela dio. Herrietan oinarriturik eta Euskal Herriko ikuspegia duena.

Saran eratu duzue inkesta banatzeko taldetxoa. Nolako interesa du horrelako dinamika batek?

Lehen lehenik nabarmenduko nuke militanteei zuzentzen zaiela. Haien iritziak dira garrantzitsuak. Jendeengana goaz sakoneko galderak egitera, nolako bidea hartu behar dugun, zer pentsatzen duten, nolako balorazioa egiten duten, nolako baliabideak behar ditugun geroari begira. Ezkerreko abertzale bakoitzak emandako erantzun horiek bildu eta horrek emanen digu argazki kolektiboa. Argazki hori funtsezkoa izanen da geroan eraiki nahi dugun ezker abertzalea osatzerakoan, antolaketa mailan adibidez. Biziki garrantzitsua da pertsonetatik abiatzea, eta menturaz ez da sekula horrelakorik egin. Pertsona bakoitzaren erantzunen bila joateak berakharreman zuzena bermatzen digu. Gaur egun bizi dugun giro berrian, behar bada garai batean bizi izan ditugun zatiketak eta gaizki ulertzeak gainditzeko balioko du. Berriz elkarri mintzatzen eta elkarrekin geroa amesten eta eraikitzen hasteko balioko du, herrietatik abiatuz. Metodologia aipatu baita, biziki garrantzitsua da pertsonetatik abiatzea, herrietatik. Ondoren gainerateko herriekin bat egiteko, eta Euskal Herri osora zabaltzeko.

Bi elementu berritzaile daude beraz. Batetik inkesta bera eta bigarrenik oinarrietatik abiatzen den dinamika. Azken urteotan ez da horrelako dinamika ugari ezagutu.

Justuki. Inkesta horrela egiteak, prozedurak, sinesgarritasuna ematen dio hortik aterako den dinamika edo xedeari.Behetik abiatzen den dinamika da. Goitik beherako dinamika zaharkituak gelditu dira, eta behetik gora egin behar dugu lan.Gisa berean, elkarrekin lan egin beharko dugu goitik behera datozen proposamen, ekarpen eta aberastasun horiek aztertzeko eta lantzeko.

Inkestak bildu ondoren bigarren fase bat irekiko da, emaitzen irakurketa politikoa egitea, alegia.Alderdi batek nekeak ukanen ditu hortik ateratzen den ebazpena ez onartzeko. Hori da helburua?

Hori da helburua, bai. Ezkertiar eta abertzale definitzen diren alderdi eta egiturek adostasuna eman diguten unetik prest dira haien egiturak zalantzan emateko. Ez bakarrik hori. Galdeketaren emaitzak onartzeko prest daude. Gauza bera herrietatik sortuko diren iritzi eta eskaerei indarra eta babesa emateko. Inkestaren emaitzak aztertu, eta azaltzen bada mugimendu zabal eta koordinatu baten beharra, non alderdiak desagertzen diren bertze egitura berri bat sortzeko, horrela izan beharko du. Baina geroan sobera murgiltzea da hori. Gaur egun zaila da horrelako irakurketa egitea. Urratsez urrats joan behar da. Galdeketa honi babesa emateak ahalbideratzen du pentsatzea geroan gerta daitekeela horrelako urrats bat.

Ororen buru, biharko ezker abertzalearen definizioa landu nahi duzue. Herrietatik abiaturik eta Euskal Herri osora zabalduko dena. Horretarako bertze gogoeta fase bat ireki beharko da, Euskal Herri mailakoa?

Militanteek horrela adierazten badute, bai, neholako zalantzarik gabe. Agerraldian aipatu dugun bezala, herrietara goaz, eta pertsonei iritzia eskatzen diegu. Baina iritzi hori ez dagokio soilik herriaren egoerari, baizik eta Euskal Herriaren ikuspegi orokorrari. Euskal Herri mailan dugu gure gogoa eta aterabidea. Gogoeta hau Ipar Euskal Herri mailan abiatu bada ere, egoera politikoak horrela baldintzatzen duelako, ariketa hau eredu edo baliabide gisa baliatu daiteke Euskal Herri mailan. Ez galdera zehatzetan, baina bai prozeduran. Ipar Euskal Herrian burutzen den saiakera hau Euskal Herri osora hedatuz nazio ikuspegia duen mugimendua bilaka daiteke. Gaur egungo egoeratik zaila litzateke erratea mugimendu antolatua bihurtu behar duela. Baina bai saiakera hor dagoela eta mugimendu horrek nahi duen forma emanen diola gero, inkestatik ateratzen diren emaitzetan oinarriturik. Behar bada ez da batere gaurko forma izanen. Behar bada bertze lan egiteko molde batzuk proposatuko dira, bertze dinamika batzuk, bertze antolaketa molde batzuk hobetsiko dira. Baina hori da berez inkesta honen aberastasuna. Ezkertiar eta abertzale sentitzen den oinarri horri, pertsona bakoitzari, bere iritzia plazaratzeko bidea ematen dio eta guztien iritziak bildurik, ikuspegi orokorra osatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.