Kataluniako prozesu subiranista

Prozesua babesteko, astebeteko egitaraua prestatu dute Donostian

[youtube]https://youtu.be/JmB3SyWRrDE[/youtube] Hegoaldeko beste hiru hiriburuetan ere egingo dituzte ekitaldiak, datorren astelehenetik hasita.

jokin sagarzazu
2017ko irailaren 8a
10:00
Entzun

Artur Mas Kataluniako presidente ohiaren aholkulari izandako Victor Terradellasen eta TV3eko zuzendari ohi eta irrati esatari Monica Terribasen arteko solasaldia, BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik gidatuta. "Zergatik independentzia?" galderari erantzunez, zazpi minutuko hitzaldiak; besteak beste, Pako Aristi, Gabirel Ezkurdia, Estitxu Eizagirre, Eneko Bidegain, Idurre Eskisabel eta Lur Albizurenak, eta Martin Garitano kazetariak gidatuta. CUPeko David Fernandez, EH Bilduko Arnaldo Otegi eta ERCko kide baten (oraindik zehaztu gabe) "mitina". Bertsolarien eta Kataluniako glosadoreen arteko emanaldiak. Haurrentzako ekitaldiak. Musika kontzertuak. Jana eta edana; Kataluniako produktuekin, bereziki. Hori guztia eta gehiago prestatu du AsCATasunera plataformak.

Donostiako Intxaurrondo auzoko Sagastieder plazan jarriko duten karpan egingo dituzte denak, irailaren 20tik 24ra. Iragarri dute Iruñean eta Gasteizen ere egingo dituztela ekitaldiak, datorren astelehenetik hasita —Diada eguna da Katalunian—. Era berean, irailaren 16an Gure Esku Dago-k deituta Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute. Baita biharko (larunbata), 12:00etan, ANC Assemblea Nacional Catalanak, besteak beste, Bilbon (Arriaga plazan), Donostian (Bulebarrean) eta Gasteizen (Andre Maria Zuria plazan) deitutako mobilizazioetan parte hartzera ere.

"Hainbat herritar" biltzen dituen AsCATasunera plataformak prestatu du Donostiako "elkartasun" astea. Gaur aurkeztu dute, egingo den plaza berean. Kataluniako prozesu independentistari "begirunea eta babesa" agertu diote. "Eredugarria da hainbat eta hainbat herritar katalanek hartutako adorea, irudimena eta konpromisoa, eta bidearen bururaino irits daitezen gure laguntza eta maitasuna bidali nahi dizkiegu", adierazi dute. 

Plataformako kideak ziur azaldu dira urriaren 1erako Katalunian deituta dagoen erreferenduma egin egingo dela, "espainiar estatuko agintari zein komunikabideek esaten dutena esaten dutela".

Kataluniako prozesuaren izaera "herritarra" azpimarratu dute. "Euskal Herritik Kataluniara bidalitako babesa ere herritarra izatea nahi dugu". Eta Euskal Herrian antzeko prozesu baten alde lan egitera deitu dute. "Euskal Herritik, gaur egungo testuinguruan estatu burujabea da herri batek askatasuna eskuratzeko duen aukera eraginkorrena: independentzia", azpimarratu dute. "Gu ere askatasun egarriak mugitzen gaitu. Eta Euskal Herriarentzat askatasuna nahi dugun bezala, munduko herriek euren etorkizuna euren eskuetan har dezaten nahi dugu".

LABek elkarretaratzeak

Bere egoitzen aurrean elkarretaratzeak egingo ditu LAB sindikatuak astelehenean, Diada egunean. Urriaren 1eko erreferenduma babestu nahi dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.