Politika

Prozesua blokatze egoeratik ateratzeko alderdien arteko aurreakordioa lortu behar dela uste du Otegik

Konponbide prozesua ez doala ondo esan du Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikideak, lanaldi politiko berria hastera doala-eta egungo egoeraren azterketa egiteko agerraldian. Prozesua Espainiako Gobernuaren erruz "blokatze egoeran" dagoela esan du, Madrilek konponbidea barik "errenditzea" lortu nahi duelako. Hala ere, korapilo hori askatzea posible dela nabarmendu du, eta horretarako alderdien arteko aurreakordio bat erdietsi beharko litzatekeela prozesuaren helburu eta edukiak zehazteko.

2006ko irailaren 6a
16:51
Entzun
Hain justu, Zapateroren Gobernuaren prozesuaren helburuak eta mamia aldatu eta hustu nahi dituelako dagoela prozesua blokatuta uste dute Batasuneko buruzagiek. Xedea "mendetako gatazka politikoa gainditzea"litzateke, eta horretarako bidea "euskal gizarteak" marraztu duela, eta "hitza eta erabakia euskal herritarrei ematea" litzatekeela azpimarratu du Otegik. Batasunak izendatutako mintzakide taldeko Rufi Etxeberria eta Arantza Santiestebanekin batera egin du agerraldia.

Baina arestian aipatu bezala, Espainiako Gobernua helburuak eta mamia aldatzeko saioa egiten ari dela uste du Batasunak, eta horretarako errepresioa erabiltzen duela. Horren guztiaren adibide gisa Iñaki de Juanaren kasua edo manifestazio deialdien harira Auzitegi Nazionala egiten ari den zitazioak aipatu ditu Otegik. Ondorioz, prozesua "blokatze egoeran" dagoela iritzi dio. Onartu du egin direla zenbait urrats norabide egokian —Zapaterok euskal herritarren erabakiaren inguruan egindako adierazpena edo PSE Batasunarekin batzartu izana, kasu—, baina gero atzera egin dela zehaztu du.

Hala ere, blokatze egoera horretatik irtetzeko aukerak badaudela nabamrendu du Batasuneko buruzagiak, eta euren ahalegina eta konpromisoa hori lortzea dela. Blokatze hori atzean utzi eta aurrera egiteko alderdien arteko aurreakordio bat lortzea ezinbestekoa dela uste du. Aurreakordioa prozesuaren helburuak, edukiak eta urratsak adosteko, eta behin hori egindako alde guztien arteko elkarrizketak abiatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.