Konponbiderako prozesua martxan dago, Joseba Permach eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideen esanetan. Baina, haien ustez, «Espainiako Estatuko sektore batzuk» prozesuan oztopoak jarri nahi dituzte, eta horren barruan kokatu dute ostegun eta ostiralean Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo den epaiketa. Permach eta Alvarez epaituko dituzte orduan, Arnaldo Otegirekin batera, ezker abertzaleak 2004an Anoetako Belodromoan egindako ekitaldian parte hartzeagatik «terrorismoa goratu» izana egotzita.
Kalean dauden bi akusatuek-preso dute Otegi- agerraldia egin zuten atzo, haien abokatu Jone Goirizelaiarekin. Abokatuak azaldu zuenez, «beste epaiketa politiko bat» izango da hiruren kontrakoa, auziak ez baitu oinarri juridikorik: «Akusazioen txostenek ez dute akusatzeko gertaerarik jasotzen, eta ez dute esaten bakoitzak zer egin zuen ere. Ekitaldian egote hutsagatik epaituko dituzte». Horri ezin zaiola juridikoki eutsi salatu du Goirizelaiak, eta ekimenean beste 15.000 pertsona egon ziren arren hiru horiek epaitzeak erakusten duela «egilearen zigor zuzenbidearen arabera eta etsaiaren zuzenbidearen arabera» epaituko dituztela; hau da, «direnak direlako epaituko dituztela».
Hori berez larria bada, are larriagotzat jo du horrek atzean ezkutatzen duena: «Bai lehen eta bai orain konponbiderako apustua sutsu egin dutenetakoak dira epaituko dituztenak, eta horregatik zigortu nahi dituzte».
«Estatu estrategiaren» barruan kokatu du epaiketa, beraz, Goirizelaiak. Permach eta Alvarezen ustez, prozesuan oztoak jartzeko «azpijokoa» besterik ez da ezker abertzalekoen aurkakoa. «Estatuko hainbat sektorek nahiago dute gatazkan egon gatazka konpondu baino», esan du Alvarezek. Permachen hitzetan, «badira sektore batzuk izua diotenak konfrontazio demokratikoari, denok hitzaren bidez aritzeari; proposamen politiko guztiak posible egingo dituen prozesu demokratikoari».
Permachen ustez, horregatik ari dira «egun martxan dagoen prozesuari oztopoak jartzen». Horregatik epaituko dituzte hirurak, «noiz, eta ezker abertzaleak bere indarra konponbideari begira jarri duenean; zergatik, eta bake iraunkorra ekar dezakeen prozesu demokratikoa sustatzeagatik».
Ezker abertzalea Gernikako Akordioan berresten dela azaldu dute akusatuek. «Eta, ez bagina Anoetatik pasatuko, ez ginateke Gernikara iritsiko», ohartarazi dute. Hau da, egungo egoera ez litzatekeela posible izango Anoetako proposamena egin gabe.
Gernikako Akordioak prozesurako indarkeriarik gabeko egoera behar dela dioela azaldu dute. Metodologiari dagokionez, bi bide bereizten dituela: ETAk eta Espainiako Gobernuak desmilitarizazioa adostea proposatzen duela, eta «eremu politikoa, oinarri demokratikoei buruzko akordioa», eragile politiko eta sozialen esku «soilik» uztea aurreikusten duela. Horixe dio Gernikako Akordioak, eta horixe proposatu zuen ezker abertzaleak Anoetako proposamenean, lehen aldiz.
Horiek horrela, trabak jartzeari utzi eta «egoerak eskatzen duen mailan» egoteko eskatu diote Estatuari; bere aurkako akusazioak zein «beste auzi politikoetakoak» bertan behera uzteko, eta Otegi zein oinarri politikoen gainean eraikitako auziengatik preso dituzten gainerakoak askatzeko.Edonola ere, haien aurkako epaiketak ez duela ezker abertzaleak egina duen «apustu sendoa» aldaraziko azaldu du Permachek; «baina argi dago halakoek ez dutela ezertan laguntzen».
Prozesua eragozteko saiotzat dute epaiketa Permachek eta Alvarezek
Ostegunean eta ostiralean epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean Otegirekin, 2004ko Anoetako ekimenagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu