«Independentzia» eta «Euskal presoak Euskal Herrira». Bi lelo horiek hartu zituen jendeak atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan hauteskundeetako emaitzak ia behin betikoak zirenean. Nafarroako hiriburua hautatu zuen Amaiur koalizioak hauteskunde gaua ospatzeko, eta festa izan zen, azkenean. Emaitza onak espero zituzten, espero ere, eta emaitza onak jaso zituzten. Hego Euskal Herriko ordezkaritzarik handiena izango da haiena Madrilen, zazpi aulkirekin.
«Gau magikoa». Hala deskribatu zuen atzoko a Iñaki Antiguedad Bizkaiko zerrendaburuak. «Etorriko denaren aurrerapena da hau». Prozesu demokratikoari eman zaion babesa da emaitzek irudikatzen dutena, haren ustez.«Raxoiri mezu argia ematen dion argazkia. Ongi irakurri dezala, herrialdez herrialdeko argazki a, patxadaz: ez dezala Espainia osokoarekin nahasian hartu».
Nabarmena zen euforia Sabino Cuadra Nafarroako zerrendaburuaren aurpegian eta keinuetan. Garaipentzat jo zuen atzokoa. «Lehen aldiz Madrilen izango dugu lau herrialdeetako ordezkaritza». Elkartasuna, askatasuna eta burujabetza izango dira, azaldu zuenez, koalizioaren oinarriak. Orain arteko batasunik indartsuena da Amaiurrena, haren hitzetan, eta handiago izan liteke. «Batasun horren parte ez direnentzat gure eskuak zabalik jarraitzen du orain ere».
Brouard eta Muguruza
Madrilgo Kongresurako zerrendaburu guztiak izan ziren Iruñean. Baita ezker abertzaleko, Aralarreko, EAko eta Alternatibako buruak ere jende artean. Rafa Larreina Gipuzkoako hautagaia izan zen lehena hitza hartzen, zundaketen lehen emaitzak jaso eta berehala. Itxaropentsu. Maite Aristegik hartu zuen gero hitza, eta azaldu zuenez, bi dira mahai gainean dauden proiektuak. «Demokrazian, burujabetzan oinarritutako proiektua, eta Espainiaren ukapenean eta eskubideen aurkakotasunean oinarritutako proiektua». Euskal Herria da, haren hitzetan, Amaiurren benetako joko esparrua, baina Madrilera joatearen garrantzia nabarmendu zuen. «Euskal Herria eta Espainiaren artean jokatzen da partida».
Santi Brouard eta Josu Muguruza ere izan zituzten gogoan atzoko ekitaldian, eta ezker abertzaleko bi kideei buruzko bideo bat jarri zuten, haien hitzetatik Amaiur koalizioaren kanpainarainoko zubi bat marraztu. «Izan zirelako gara... Irabaziko dugu!». Lelo horrekin amaitu zen bideoa eta gogor jo zuen txalo jendeak.
Zortziak jotzerako prest zegoen festarako azpiegitura, eta festa izan zen Labriten. Pixkanaka hasi zen jendea sartzen, eta pixkanaka joan zen giroa berotzen. Pantaila erraldoi bat jarri zuten, eta emaitzak agertu ahala hari adi egon ziren harmailetan eseritakoak. Festa gogoz, baina tentuz, hasieran. Kontaketak aurrera egin ahala, gogoek irabazi zuten.Gora egin zuen festa giroak, eta iraun egin zuen gauak aurrera egin ahala.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien balorazioak
Prozesuak duen babesa irudikatzen du Amaiurrek, Antiguedaden ustez
Iruñeko Labrit frontoia «independentzia» oihuz bete da, koalizioak lortutako emaitzen berri izanda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu