Prozesuari buruz duen joera argi dezan galdatuko dio Frantziari Lasserrek

Frantziako senataria da Lasserre, eta Barne ministroa interpelatuko du Senatuan urtarrilaren 24an

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herrian martxan den bake prozesuari begira «zein joera hartu gogo duen» galdetuko dio Jean Jacques Lasserre Frantziako senatariak Claude Gueant Frantziako Barne ministroari. Senatuan pausatu duen galdera onartua izanik, urtarrilaren 24ko saioan irakurria izanen da.

Frantziako zein Espainiako gobernuek «bake prozesuaren alde engaiatu» behar dutela ohartaraziko du orduan senatariak. Urriaren 17ko nazioarteko bake konferentzia edota ETAk behin betiko jarduera armatua bukatu izana adibidetzat emanik, azken hilabeteetan urrats «garrantzitsuak» eginak izan direla erran eta «arduratsuki» jokatzea eskatuko dio Lasserrek Barne ministroari.

«Euskal Herriaren eta, beraz, Frantziaren geroa bideratuko» duen «funtsezko» gaia dela zehaztuz bukatzen da eskaera. Hain zuzen, argi uzten du Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoak ondorioak dauzkala Ipar Euskal Herrian.

Lasserrek hiru minutu izango ditu galdera aurkezteko; ministroak, berriz, lauzpabost erantzuteko. Azkenik, bi minutuz berriz erantzuteko aukera ukanen du senatariak. Irailaz geroz du kargu hori eta sei urtez atxikiko du.

Gobernukoekin solasean

Maiz erran izan du Lasserrek prozesuarekin bat egiten duela eta aitzina eramateko beharra eta nahikeria sentitzen duela, «behin betiko bakea lortzeko». Donostian ere egon zen, Aieteko konferentzian eta Paris gatazkaren barne izanki, konponbidean engaiatu beharra zuela azpimarratu zuen, konferentziatik atera bezain laster. Ez zen haatik egon larunbatean, Euskal Herrian: aterabide demokratikoa orain! lemapean egin zen manifestazioan.

«Aldi batean baino gehiagotan» gobernuko ordezkariekin egon da bake prozesuaz hitz egiten, eta «arretatsu» iruditu zaizkiola zehaztu zuen orain duela aste bat Ipar Euskal Herriko Hitzari. Euskal preso politikoen hurbilketaz eta preso gaixoen askatzeaz gogoetatzera deitu du behin baino gehiagotan Frantziako Gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.