politika

PSE, EAJ eta Aralar elkarbizitzari buruzko foro bat sortzea adostu nahian ari dira

Eusko Legebiltzarrean Aralarrek aurkeztutako mozio haritik sortu da proposamen bateratua onartzeko aukera. Patxi Lopez lehendakariak bakegintzari buruzko hitzaldia egin ondoren saiatuko dira akordioa lotzen.

2012ko martxoaren 7a
20:46
Entzun

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak irailean aurkeztutako bakegintzarako dekalogoa garatuko du bihar Eusko Legebiltzarrerako osoko bilkuran. Horrez gain, alderdien arteko akordio bat izateko aukera zabaldu da, Aralarrek aurkeztutako bi mozioen harira. Batetik, Aralarrek Eusko Legebiltzarrean lan talde bat osatzea proposatu du, honko bi helbururekin: batetik, indarkeriaren ondorioei zer-nolako aterabideak eman behar zaizkien eztabaidatzea eta adostea. Bestetik, bakearen kultura lantzea eta hedatzea. Proposamen horri PSE-EEk osoko zuzenketa bat aurkeztu dio, lan taldea sortzearen ordez "elkarbizitzarako foro bat" sortzea proposatuz.

Egunean zehar, PSE-EE eta Aralar harremanetan izan dira, bi proposamenen arteko zuzenketa bat adostu nahian. PSE EAJ eta PPrekin harremanetan jarri da, adostasuna zabaltzeko asmoz. Patxi Lopez lehendakariak agerraldia egin eta bere proposamenak azaldu arte itxaron egingo dute alderdiek Aralarren mozioen inguruan adostasuna bideragarria den edo ez baloratzeko.

Bestalde, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ez duela PSE-EEren eta ezker abertzalearen arteko bilera ofizialaren inguruko berririk, baina bilera egingo baluke, ez litzateke "harritzekoa" izango, Mendiaren arabera.

"Ez daukat aukera horren berririk, baina ez litzateke lekuz kanpo egongo", azaldu du Radio Euskadin goizean emandako elkarrizketa batean.

Mendiak dio ezker abertzaleak oraindik "bide luzea" duela aurretik, eta egin beharrekoen artean daudela "ETArekin haustea eta desegiteko eskatzea". 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.