PSE-EEk garbi du: Patxi Lopez sozialista izango da Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria. Hala jakinarazi dute gaur 13:30ak aldera Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariak eta Iñaki Arriola Gipuzkoako idazkari nagusiak. "Lopezek badauka nahikoa babes lehendakari izateko". Talde negoziatzaileko kideekin batera agertu dira biak, bilera saila baloratzeko.
Maria Teresa Fernandez De la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan du atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua eta Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea hartu-emanetan izan zirela, honek deituta telefonoz. "Zapaterok esan zion PSE-EEk autonomia osoz hartuko duela erabakia".
Asteartean hasiko dira PSE-EEko 25 legebiltzarkideak aktak jasotzen. Parlamentarien heren bat (25) akreditatu ondoren, Diputazio Iraunkorrak Legebiltzar berria eratzeko eta mahaia aukeratzeko osoko bilkura deitu behar du hurrengo hamar egunetan. Legebiltzarreko lehendakaria gehiengo osoz aukeratzen da. Inork ez badauka, bi bozkatuenen artean aukeratuko da gehiengo sinplez.
Inbestiduraren osoko bilkura deitzeko ez dago epe zehatzik. Bere burua lehendakari izateko aurkezten dutenen artean aukeratu behar da. Lehen bozaldian gehiengo osoa (38 boto edo gehiago) behar da. Inork ez badu lortzen 24 ordu beranduago errepikatuko da bozketa eta, orduan, hautagaietatik bozkatuena izango da lehendakaria.
PPren jarrera eskertu du gaur PSE-EEk. Izan ere, PPk adierazi du Lopezen alde egingo duela inbestiduran eta, bi alderdien artean, emaitza ofizialen arabera, 38 legebiltzarkide dituzte, gehiengo osoa. Hala ere, Aresek eta Arriolak esan dute Jaurlaritzan PSE-EE baino ez dela egongo -"independente" batzuekin, ahal dela-. Sozialistek unean uneko akordioak lortu nahi dituzte beste alderdiekin. Kasu, Eusko Legebiltzarreko presidentea hautatzeko. PPri eta EBri emango diete lehentasuna, gaur esan dutenez.
UPD hartu dute gaur
Azkeneko bi egunetan EA, Aralar, EB eta PPrekin bildu ondoren, UPD hartu du gaur goizean PSE-EEk, Bilbon. UPDk ez du ziurtatu Lopez babestuko duenik inbestidura saioan, bere lehentasunak hizkuntz eta hezkuntz politika aldaketak eta "terrorismoaren" aurkako borroka direla nabarmendu du UPDk, eta proposamena idatziz eskatu die sozialistei. Gobernu akordioa nahi du.
PPrekin lotuta ditu, ordea, gauzak. Gaur Maria Dolores de Cospedal Espainiako PPko idazkari nagusiak aitortu du "bihotz-bihotzez" nahi duela Lopez ikustea Jaurlaritzako lehendakari.
Atzo ia bi orduz bildu ziren PSE eta PP, eta hurrengo egunetan behin baino gehiagotan elkartuko direla jakinarazi zuten. Iñaki Oiartzabal PPko idazkari nagusiak zioen badagoela "bidea egiteko oinarririk" akordiora heltzeko. "Baina ez dugu nahi lehendakari aldaketa soilik. Politika aldaketak ere nahi ditugu", adierazi zuen PPk batzarraren ostean, eta PSE-EEri akordio proposamena idatzita pasatzeko eskatu dio. ETAren aurkako borroka eta euskarari buruzko politikak aldatzea izango dira PPren lehentasunetakoak.
EAJk uko egin dio sozialistekin biltzeari, horiek PPrekin akordioa egina dutela garbi duelako eta "itxurak egiteko" deitu dutela uste duelako.
EAk eta Aralarrek herenegun jakinarazi zuten ez dutela Lopezen alde egingo inbestiduran. EBk zioen sozialistek PPrekin akordioa lortzen duten ikusi nahi duela inbestiduran zer boto eman erabakitzeko.
Emaitza ofizialen arabera, EAJk 30 legebiltzarkide ditu, PSE-EEk 25, PPk 13, Aralarrek 4, EAk 1, EBk 1, UPDk 1.
D3M baliogabeak, berriz, 7, bere botoak kontuan hartuko balira. Azken horiek kontuan hartuz gero, alderdien eserleku banaketa hauxe litzateke: EAJk 28, PSE-EEk 23, PPk 11, D3Mk 7, Aralarrek 4, EAk 1, UPDk 1. EBk batere ez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
PSE-EE: "Patxi Lopezek badauka nahikoa babes lehendakari izateko"
Gaur eman dio bukaera bilera sailari, eta asteartean hasiko dira legebiltzarkide sozialistak aktak jasotzen. Jaurlaritzan bakarrik egongo direla jakinarazi dute Aresek eta Arriolak, eta PPren jarrera eskertu dute. Atzo Zapaterori deitu zion Urkulluk. Espainiako PPko idazkari nagusiak aitortu du "bihotz-bihotzez" nahi duela Lopez ikustea Jaurlaritzako buru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu