Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

PSE-EEk 25. legebiltzarkidea lortu du, eta Patxi Lopezek ez luke UPDren beharrik izango lehendakari izateko

Arabako azkeneko diputatua erdietsi dute kanpoko botoei esker, EAren kalterako. Halere, emaitzak gainbegiratu ostean, badirudi boto bakarreko aldea legokeela PSE-EE eta EAren artean. Sozialistek eta PPk orain 38 parlamentari dituzte Eusko Legebiltzarrean.

2009ko martxoaren 6a
19:24
Entzun
Araban igande gauean zintzilik geratu zen 25. legebiltzarkidea. Orduan EArena zen, baina PSE-EEri zortzi botoko aldea baizik ez zion kentzen eta kanpoko botoak falta ziren kontatzeko. Gaur zenbatu dituzte eta sozialistek lortu dute 25. parlamentari hori, EAren kalterako. Dena den, emaitzak gainbegiratu ostean, dirudienez boto bakarreko aldea legoke PSE-EEren eta EAren artean. Astelehenean emango dituzte bigarren zenbaketa horren azken emaitzak. Rafa Larreina eserlekurik gabe geratu da, hortaz. Leku hori Esozi Leturiondok (Mario Onaindiaren alarguna) beteko du.

Larreina Eusko Legebiltzarreko ordezkaririk beteranoetarikoa da, Juan Jose Ibarretxe (EAJ) eta Jesus Egigurenekin (PSE-EE) batera.

Uste baino garrantzi handiagoa du EAk orain galdu duen aulki horrek, PSE-EEk orain 25 legebiltzarkide dituelako. PPk (13) 38 eta biek, 38, gehiengo osoa. UPDk bat du baina, gaurko datuarekin, Patxi Lopezek (PSE-EE) ez luke haren beharrik izango Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko. PP eta UPD, biak azaldu dira Jaurlaritzan “aldaketa konstituzionalista” gauzatzeko baina, orain arteko zantzuen arabera behintzat, PP erosoagoa zaio helburu horretarako PSE-EEri, UPD baino.

Azkeneko legealdian Juan Jose Ibarretxe (EAJ) izan da lehendakaria, EA eta EBrekin koalizioan. Gutxiengoa zuten (32 legebiltzarkide). Orain ere EAJk, EAk eta EBk, emaitza ofizialen arabera, 32 dituzte; Aralarrek lau. Beraz, denek bat eginda ere, ez daukate gehiengo osorik.

EAk bi eserleku lortu zituen, behin-behinean, igandeko bozetan, bat Gipuzkoan eta bestea Araban, PSE-EErekiko oso tarte txikiarekin (8 boto). PSE-EEk, aldiz, guzira 24 eserleku eskuratu zituen igandean EAEn, eta gaur, kanpoko botoei esker, 25.a.

Araban postaz jasotako 440 boto zenbatu dituzte, eta PSE-EEk horietako 140 eskuratu ditu, eta EAk, aldiz, soilik 6. EAJk 146 lortu ditu, eta beste alderdiek 134. Boto baliogabeak hiru izan dira, eta bat zuria.

Eserleku hori berriz lortzeko, Alderdi Sozialistak 9 boto gehiago behar zituen EAk lortzen zuen boto bakoitzeko.

2005ean Araban, 778 boto jaso zituzten postaz, ia modu berean banatuta EAJren eta EAren arteko koalizioaren eta PSEren eta PPren artean.

2009ko emaitza ofizialak

EAJ. 30 legebiltzarkide.

PSE-EE. 25.

PP. 13.

Aralar. 4.

EA. 1.

EB. 1.

UPyD. 1.

Parte-hartzea. %65,88.

2009ko emaitzak, D3M kontuan hartuta

EAJ. 28 legebiltzarkide.

PSE-EE. 23.

PP. 11.

D3M. 7.

Aralar. 4.

EA. 1.

UPyD. 1.

Parte-hartzea. %65,88.

2005eko emaitzak

EAJ-EA. 29 legebiltzarkide (468.117 boto, %38,67).

PSE-EE. 18 (274.546 boto, %22,68).

PP. 15 (210.614 boto, %17,40).

EHAK. 9 (150.644 boto, %12,44).

EB. 3 (65.023 boto, %5,37).

Aralar. 1 (28.180 boto, %2,33).

Parte-hartzea. %67,99.

Lehendakaria. Juan Jose Ibarretxe (EAJ; EA eta EBrekin koalizioan, 32 legebiltzarkide).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.