KOMUNIKAZIOA

PSE-EEk EITBren legea aldatzea proposatu du

Irrati-telebista publikoaren antolakuntza eredu berrirako Kataluniako eredua jarri dute adibidetzat sozialistek. Gaur egun EITBren kudeatzaile kopurua "gehiegizkoa" dela nabarmendu dute, eta zuzendariaren hautaketa prozedura aldatzea proposatu.

EITBren Bilboko egoitza. BERRIA
urtzi urkizu
2015eko martxoaren 4a
16:53
Entzun

Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkideak EITBrentzat eredu berri bat proposatu du gaur goizean Bilbon. Orain arte EITBk egindako bidearen diagnosiarekin batera, PSE-EEk gogorarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar bakoitzari 50,20 euro kostako zaiela aurten EITB —Jaurlaritzaren laguntzaren bidez—. EITBren egiturazko kostea "gehiegizkoa" dela uste dute sozialistek. "EITBren biziraupena epe laburrean kolokan egon daiteke", ohartarazi du PSE-EEk. EITBren lau sozietateak batean biltzea proposatu dute sozialistek.

EITBren Sorrera Legetik EITBren Modernizazio Legera pasatzea proposatu du PSE-EEk. Lege berri horrek honako puntuak jasoko lituzke:

-Zerbitzu publikoaren izaera ematea, hala baitagokio EITBri, kalitatea, iraunkortasuna eta efizientzia irizpideak gaineratuz.

-Independentzia politikoa bermatzea, zuzendariaren hautaketa prozedura aldatuz.

-Gardentasuna bermatzeko prozedurak arbitratzea, erakundeen eta gizartearen aurrean.

-EITBren eskaintza errealitate soziolinguistiko berrira egokitzea.

-Neurrien artean gobernu kontseilu bat sortuko litzateke. Sektorean esperientzia duten pertsona gutxi batzuek osatuko lukete kontseilu hori. Kontseiluak bere kideen artetik aukeratuko luke zuzendari nagusia. Kontseilu aholkulari bat ere izango litzateke, egun administrazio kontseiluak dituen funtzioak izango lituzkeenak. 

-Kontratu programak, legebiltzarraren gehiengo kualifikatuak onartua, finantzazio sistema garden, iraunkor eta eraginkorra bermatuko luke, mixtoa baina hegemonia publikoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.