eusko legebiltzarrerako hauteskundeak

PSE-EEk eta PPk Gernikako Estatutua osorik gauzatzeko konpromisoa hartu dute

EiTBn "aldaketa sakona" egiteko asmoa daukate eta 2009ko aurrekontuak "gainbegiratu" egingo dituzte. PPk legealdi osoan Patxi Lopezen aurkako zentsura moziorik ez aurkezteko konpromisoa hartu du. Baliteke asteazkenean sinatzea hitzarmena, eta apirila bukatu aurretik egin nahi dute inbestidura saioa.

2009ko martxoaren 30a
20:12
Entzun
PSE-EEk eta PPk Eusko Jaurlaritzara begira lortu duten aurreakordioaren arabera -gaur zabaldu dute hamar orrialdeko idatzia-, Gernikako Estatutua osorik gauzatuko lukete; konpromiso hori hartu dute idatzita. Espainiako Gobernuak oraindik 36 eskumen ditu igortzeko, eta honekin akordioa lortuko dutela diote. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek 1979an onartu zuten, erreferendum bidez, Estatutua.

Iñaki Oiartzabal EAEko PPko idazkari nagusiak arratsaldean esan du seguruenez asteazkenean sinatuko dutela hitzarmena, eta Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko inbestidura saioa apirila bukatu aurretik egin nahi dutela PSE-EEk eta biek. PPk bihar jakinaraziko du zein izango den Eusko Legebiltzarreko presidentea -PPko kidea izango da-.

"Aldaketa demokratikoa euskal gizartearen zerbitzura" jarri nahi dute bi alderdiek, eta, besteak beste, EiTBn "erreforma sakona" egiteko asmoa dute "EAEko esparru instituzionala errespetatzeko", 2009rako Jaurlaritzak onartuak dituen aurrekontuak "gainbegiratu" egingo dituzte -kasu, euskal presoen senideei bisitetako laguntzak kenduko dizkiete-, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azkenaldian hartutako erabakiak bertan behera utziko dituzte, ETAren eta ezker abertzalearen aurka egingo dute...

Aurreakordioak dioenez, PPk ez du legealdi osoan Patxi Lopez sozialistaren kontrako zentsura moziorik aurkeztuko, konpromiso hori hartu du. Hain justu, ituna egiten badute, Lopez izango da Jaurlaritzako lehendakari berria -orain arte beti EAJko kidea izan da lehendakari-.

Bi alderdiek, martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, gehiengo osoa izango dute parlamentuan (25 legebiltzarkide ditu PSE-EEk, 13 PPk). Espainiako Justiziak D3M ez balu baliogabe jo izan, ez lukete gehiengo osorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.