PSE-EEk ez dio eman nahi Seaskari zuzeneko diru laguntzarik 2012tik aurrera

Jaurlaritzak Seaskarekin adostu zuen urtero 450.000 euro ematea; oraindik, hala ere, ez dio dirurik eman

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ez milioi bat euro, ez 450.000 euro, ez zentimo bakar bat ere. PSE-EEk ez die zuzenean diru laguntzarik eman nahi Ipar Euskal Herriko ikastolei. Asmo hori Eusko Legebiltzarrean aurkeztu berri duen ekimen batean jaso du. Hain zuzen, ekimen horretan Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Seaskarekin finantzaketa akordio gehiagorik ez egiteko.

UPDk aurkeztu berri duen legez besteko proposamen bati jarritako osoko zuzenketa baten harira egin du eskaera hori PSE-EEk; izan ere, UPDk aurten bertan utzi nahi ditu bertan behera Ipar Euskal Herriko ikastolentzat Jaurlaritzak aurreikusita dituen diru laguntza guztiak. 2012. urtera bitartean, Eusko Jaurlaritzak asmoa dauka urtero Seaskari 400.000 euroko diru laguntza emateko, «betiere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diru kutxan dirurik geratzen baldin bada». Seaskaren arabera, ordea, hori ez da eurekin hitzez hitzartutako diru kopurua; izan ere, euren esanetan, urtero 450.000 euro jasotzea adostu zuten bi aldeek. Kopurua bat izan edo bestea izan, kontua da, PSE-EE Jaurlaritzan dagoenetik, Seaskak oraindik ez duela jaso dirurik.

Gainera, Jaurlaritzak nabarmen murriztu ditu Seaskarentzako diru laguntzak. Lehen, urtero, guztira 1,1 milioi euroko diru laguntza ematen zion Jaurlaritzak Seaskari.

Urgellen zalantzak

Hain justu, orain dela hamabost egun Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak zalantzak azaldu zituen diru laguntza horien legezkotasunaren inguruan. Haren esanetan, ez dago «argi» laguntza horiek legezkoak diren edo ez: «Ematen diren laguntzak inbertsioetarako besterik ez dira, ez baitugu eskumenik hezkuntza arloan. Eta orain Kultura Sailak ez du dirurik adreiluetarako». Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean eman zituen azalpen horiek, EAJren eskariz. PPk eta UPDk laguntza horiek bazterrean uzteko eskatu zuten, eta ematekotan Euskararen Erakunde Publikoaren bitartez bideratzeko. Gainerako alderdiek, ordea, laguntza horiek bere horretan uzteko eskatu zuten, eta diru laguntzak murrizteko erabakia euskararen aurkako erasotzat jo zuten.

Urgellek «zalantza» horiek azaldu eta hamabost egunera aurkeztu du PSE-EEk diru laguntzak bertan behera uzteko ekimena. Orain arte hitzartutakoa bere horretan uztearen aldekoa da, baina 2012tik aurrera Seaskarekin akordiorik ez egiteko eskatu du, «ez eta beste hezkuntza enpresa pribaturen batekin ere». Halaber, «euskararen aldeko ahalegin guztiak» Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko eskatzen dio Jaurlaritzari ekimen horretan, «betiere beste herrialdeetan euskararen sustapenaren eta euskal kulturaren alde egiten diren ekimenak kaltetu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.