M-27. Hauteskundeen ondorena. Gipuzkoa

PSE-EEk ez ezik, EAJk ere agertu du Gipuzkoan gobernua osatzeko asmoa

Batzar Nagusietarako bozak eurek irabazi dituztela azpimarratu du Miguel Buen sozialisten hautagaiak. Markel Olano jeltzaleen zerrendaburuak zein Joseba Egibar GBBko presidenteak EA, EB eta Aralarrekin gobernu taldea osatzen saiatuko direla iragarri dute. PSE-EEk lortu ditu boto gehien Gipuzkoan, baina EAJk batzarkide kopuru bera eskuratu du.

2007ko maiatzaren 28a
15:39
Entzun
Gipuzkoako Diputazioko gobernua beren gain hartu, eta erakunde "indartsu, sendo eta herritarren interesei erantzungo diena" eratzeko konpromisoa hartu du gaur Miguiel Buen ahaldun nagusitarako PSE-EEren hautagaiak. Buenek nabarmendu du eurek irabazi dituztela Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak, eta, beraz, eurei dagokiela gobernu taldea osatzeko ekimena hartzea. Hala ere, atzoko bozketaren emaitzak "kudeatzeko zailak" direla onartu du, eta egungoa "elkarrizketaren garaia" dela nabarmendu.

Dena den, PSE-EEren hautagaia ez da Gipuzkoako Diputazioko gobernu taldea osatzeko ahalegina egiteko asmoa duen bakarra. Aldiz, EAJk ere saio hori egingo duela iragarri du. PSE-EEk adina batzarkide eskuratu ditu EAJk (16), baina sozialistek baino ia bost mila boto gutxiago. Boto baliogabea ere ugariagoa izan da Gipuzkoan EAJk jasotakoa baino -ANVren Batzar Nagusietarako zerrenda guztiak baliogabetu dituzte Espainiako auzitegiek-.

Hala eta guztiz ere, Diputazioaren gidaritza hartzeko asmoa agertu dute Markel Olano hautagai jeltzaleak zein Joseba Egibar GBB Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak. Horretarako, "lauko gobernuaren" formula nahi dute; hau da, EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek osatutakoa. Alderdi horiekin elkarrizketak abiatuko dituztela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.